Politika -
Polemika
Blanco: 'Eguigurenek ez daki zer dioen'
Espainiako Gobernuko bozeramaileak gezurtatu egin du Aieteko Adierazpena Exekutiboak eta ezker abertzaleak adostu izana.
Erredakzioa
Jose Blanco Sustapen ministro eta Espainiako Gobernuko bozeramaileak gezurtatu egin ditu Jesus Eguiguren PSE-EEko presidentearen hitzak: "Ez daki zer dioen".
Hain zuzen ere, ETAk eta PSOEren Gobernuak "luze" daramatzatela hitz egiten eta Donostiako Nazioarteko Bake Konferentziaren adierazpena Exekutiboak eta ezker abertzaleak adostu zutela esan du Eguigurenek, Euskadi Irratian egindako elkarrizketa batean.
Hori horrela, Ministroen Kontseiluaren ostean egindako agerraldian, Blancok esan du hori guztia ez dela "egia", eta Gobernuak ez duela "inolako negoziazioren" berri.
Kazetariek gogorarazi diote Eguigurenek Donostiako Konferentzian parte hartu zuela, eta beraz, PSOEk ere haren hitzak ezeztatzen dituen galdetu diote.
"Nik Espainiako Gobernuaren izenean hitz egiten dut, hori da egiten dudana bozeramaile naizenetik. Horrenbestez, esandakoa: Espainiako Gobernuari dagokionez, Eguigurenek esandakoa ez da egia. Eta kitto!", gaineratu du.