Politika -

Justizia Auzitegi Nagusia

Iñaki Subijana izendatu dute EAEko Justizia Auzitegi Nagusiko presidente

Botere Judizialaren Batzorde Nagusiaren bigarren bozketan aukeratu dute presidente orain arte Gipuzkoako Lurralde Auzitegiko buru zena. Guztira, 13 izan dira aldeko botoak.

EAEko Justizia Auzitegi Nagusiko presidente Iñaki Subijana. Argazkia: Radio Euskadi
EAEko Justizia Auzitegi Nagusiko presidente Iñaki Subijana
EAEko Justizia Auzitegi Nagusiko presidente Iñaki Subijana. Argazkia: Radio Euskadi

EiTB MEDIA | AGENTZIAK

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Iñaki Subijana EAEko Justizia Auzitegi Nagusiko presidente izendatu du gaur Botere Judizialaren Batzorde Nagusiak. Orain arte Gipuzkoako Lurralde Auzitegia zuzendu du Subijanak, eta Demokraziarako Epaileak elkarteko kide ere izan da.

Iturri judizialek jakitera eman dutenez, bigarren bozketan aukeratu dute presidente. Guztira, 13 izan dira haren aldeko botoak.

1963an jaio eta 1990ean hasi zituen ikasketak Iñaki Subijanak. Azpeitiko Instrukzio eta Lehen Auzialdiko lehen epaitegian hasi zuen ibilbide profesionala. Magistratu izendatu zuten geroago, eta Kadizko Lurralde Auzitegian aritu zen, 1992 eta 1995 bitartean.

Ondoren, Donostiako Lehen Auzialdiko 5. epaitegian egin zuen lan. 2001etik aurrera, baina, Gipuzkoako Lurralde Auzitegiko lehen saileko magistratu izan zen.

Hiru urte geroago, 2004an, Zigor Zuzenbidean doktoratu zen EHUn, eta 2015ean SIGNUM fundazioaren bitartekari titulua lortu zuen. Gainera, Euskal Autonomia Erkidegoko Zuzenbide Zibilean aditua da.

EHUn, Zigor Zuzenbideko irakasle ere izan da Subijana, eta, nazioarte mailan, Uruguain, Guatemalan, Hondurasen eta El Salvadorren zenbait aholkularitza teknikotan aritzeko mandatua eman zion Botere Judizialaren Batzorde Nagusiak, 2002 eta 2009 artean.

Garbiñe Biurrun, berrautatua

Bestalde, Garbiñe Biurrun magistratua berriro hautatu dute EAEko Justizia Auzitegi Nagusiko Sozial Aretoko presidente, eta hirugarren agintaldia egingo du jarraian.

Biurrun EAEko Justizia Auzitegi Nagusiko jarduneko presidente lana egiten ari da ekainean Juan Luis Ibarrak erretiroa hartu zuenetik, eta gaur 21 bototik 12 eskuratu ditu. Pablo Sesma de Luis magistratua zen beste hautagaia, eta horrek boto bakarra jaso du. Zazpi bokalek boto zuria eman dute.

Garbiñe Biurrun 1987an hasi zen karrera judizialean, Tolosako, bere jaioterriko, lehenengo instantziako eta instrukzioko epaile gisa.

1989an lortu zuen magistratu kargua, eta Donostiako Sozial Auzitegiko 3.ean egon zen lanean. 1998ko azaroan EAEko Justizia Auzitegi Nagusiko Sozial Aretora iritsi zen, eta atal horren buru da 2009tik.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Politika Gipuzkoa Euskal Autonomia Erkidegoa Epaiketak Eguneko albisteak Albisteak EAEko Justizia Auzitegi Nagusiko epaiketak