Politika -
Eusko Legebiltzarra
Ertzaintzak lan gatazketan izandako jokaera "proportzionala" defendatu du Erkorekak
Gainera, ziurtatu du aurten EAEn egin diren 1.300 mobilizazioetan "zaintza" lanetara mugatu direla ertzainak, "ia esku-hartzerik egin gabe".
EiTB MEDIA | AGENTZIAK
Azkenaldian Euskal Autonomia Erkidegoan izan diren lan gatazketan Ertzaintzak erakutsitako jokabide "proportzionala" defendatu du Josu Erkoreka Eusko Jaurlaritzako Segurtasun sailburuak. Haren hitzetan, aurten EAEn egin diren 1.300 mobilizazio eta manifestazioetan "zaintza" lanetara mugatu dira ertzainak, "ia esku-hartzerik egin gabe".
Erkorekak modu horretan erantzun die, manifestarien eta agenteen artean azken asteetan izan diren istiluen harira, Elkarrekin Podemos-IU koalizioak eta Voxek Legebiltzarrean egindako galderei.
"Borra golpeak eta agenteen kargak"
Iñigo Martinez Zaton Elkarrekin Podemos-IUko legebiltzarkideak ostiral honetako saioan gogorarazi du ITPren, Aernnovaren, Tubacexen eta zamaketarien sektoreko langileen protestetan parte hartzen duten pertsonak "lana galtzeko zorian" daudela, eta salatu du horren aurrean Jaurlaritzak jarrera gogorra erakutsi duela, manifestariei borra golpeak emanda eta bereizketarik gabeko kargak eginda.
Amaia Martinez Voxeko legebiltzarkideak, aldiz, otsailaren 23an Tubacexeko beharginek Laudion egindako protestan segurtasun nahikorik egin ez zela kritikatu du. Hori horrela, Erkorekari eskatu dio "ardurak" banatu ditzala.
"Greba egitera behartuta"
Erkorekak "gertutasuna" agertu die lan arazoak dituzten edota lanpostua galdu duten behargin guztiei, eta argi utzi nahi izan du Ertzaintzak "eskubideen mugak gainditzen direnean soilik" esku hartzen duela, "langileak greba egitera behartzen dituztenean, adibidez".
Egoera "berezi" horietan, esan du, kode deontologiko "aurreratu eta zorrotz" batera egoitzen da Ertzaintzaren jokaera, eta kode hori "proportzionaltasunean" oinarrituta dago. "Kode hori errespetatzen ez denean, barne ikerketak abiatzen ditugu", argitu du.
"Jarrera beligerantea"
Tubacexen protestan gertatutakoari buruz azaldu du enpresa horretako langileek aurretik egindako mobilizazioetan oinarrituta diseinatu zutela otsailaren 23ko mobilizaziorako lantaldea.
Dena den, nabarmendu du aurreko egunetan baino askoz langile gehiago zegoela jakin eta horien jarrera "beligerantea" zela ikusi zutenean, lantaldea indartu zutela.