Politika -

Manifestazioa

Tortura ikertzeko eskatu dute Iruñean, praktika "sistematikoa izan delako"

"Tortura praktika sistematikoa, antolatua, goitik behera diseinatua, guztiz onartua eta bultzatua izan da", azpimarratu du Idoia Zabalzak.

Manifestazioa Iruñean. Argazkia: EFE
Manifestazioa Iruñean. Argazkia: EFE
Manifestazioa Iruñean. Argazkia: EFE

E. L. | EiTB Media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Ehunka pertsonak torturak ikertzea eskatu dute arratsaldean, Iruñean, praktika "sistematikoa" izan delako. "Estatuko erakundeek hamarkadetan onartu eta legitimatu dituzte", erantsi dutenez.

Pertsona Torturatuen Nafarroako Sareak deituta, besteak beste, alderdi eta sindikatu abertzale eta independentistetako kideek eta Mikel Zabalzaren senideek parte hartu dute manifestazioan. Mikel Zabalza Intxaurrondoko kuartelean hil zen 1985ean.

Zentzu horretan, manifestazioa hasi baino lehen, Idoia Zabalzak kazetariei azaldu dienez, bere anaiaren kasua "emaitzan soilik izan zen ezberdina", tortura "ez delako salbuespen bat izan, ezta pertsona ero batzuen kontu bat ere, edo nolabaiteko boterea izan duten pertsona batzuen asuntoa".

"Tortura praktika sistematikoa, antolatua, goitik behera diseinatua, guztiz onartua eta bultzatua izan da", azpimarratu du. "Horren froga: torturengatik zigortutako pertsona guztiak saritu dituzte, dominak eman dizkiete, edo, are gehiago, indultatu dituzte", gaineratu duenez.

Idoia Zabalzaren hitzetan, torturak "oso barruko sufrimendu ezeztatzailea utzi du, eta argitara eman behar da". Gertatutakoa jakin behar dela uste du Zabalzak, nahiz eta bere anaiaren kasuan "audioak oso argi utzi".

Manifestazioa Iruñean. Argazkia: EFE

Manifestazioa Iruñean. Argazkia: EFE

Manifestazio bukaeran agiri bat irakurri dute euskaraz eta gaztelaniaz. Nafarroan "milaka" pertsona torturatu dituzte, "itxi gabe dagoen zauri eta amesgaizto" bat, salatu dutenez.

Torturan "modu batera edo bestera, alderdi politiko, epaile, auzitegiko mediku eta komunikabideek lagundu dute", gogorarazi dute. Torturen biktimek egun "aitortza eta erreparaziorik gabe" jarraitzen dute, eta "ez errepikatzeko bermerik ez dago", kritikatu dutenez, nahiz eta Nazio Batuen Erakundea torturaren eta inpunitatearen aurka "erabat irmo" agertu.

Horregatik, Pertsona Torturatuen Nafarroako Sarearen hitzetan, Espainiako Estatuak "egindakoa onartzeko, erantzukizun guztiak garbitzeko eta egindako kaltea erreparatzeko ordua da, pertsona gehiagok berriz ez sufritzea bermatzeko".

Azkenik, Estatuko segurtasun indarrek torturatutako pertsonen kopurua zehazteko "ikerketa ofizial" bat martxan jartzea "garrantzitsua" deritzote, Nafarroan "giza eskubideen urraketa larri honek izan dituen ondorioen argazkia izateko".

Argazkia: EFE

Argazkia: EFE

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Politika Iruñea azken orduko berriak Nafarroa Eguneko albisteak Albisteak Manifestazioak