Politika -
Konstituzio eguna
Bonoren azken hitzaldia hartuko du Kongresuak astearte honetan
Bestalde, Konstituzio eguna ospatzeari uko egiten jarraitzen diote EAJk, ERCk, ICVk, BNGk eta Geroa Baik. Aurten CiUk guzti horiekin bat egin du.
Erredakzioa
Konstituzio egunean, harrera ofiziala egingo da bihar Diputatuen Kongresuan. Gainera, abenduaren 6an 30 urte betetzen ditu Espainiako Konstituzioak. Jose Bono jarduneko Kongresuko presidenteak bere azken hitzaldia emango du kargua utzi baino lehen. Alderdi abertzale gehienek ez dute ospakizunetan parte hartuko. Aurten CiU ere ez da ekitaldian izango. Aurrekoetan Senatuko edo Kongresuko Mahaira ordezkariren bat bidali du CiUk.
Horrela, erakundearen buruzagi gisa egindako ibilbideari amaiera emango dio Bonok. Hiru urte eta zortzi hilabete eman ditu karguan, baina Kongresua aurrenekoz aspaldi zapaldu zuen. 1979an Albaceteko diputatu gisa sartu zen lehen aldiz Kongresura.
Jose Luis Rodriguez Zapatero jarduneko Gobernuko presidenteak eta Mariano Rajoy haren ordezkoak Bonoren hitzaldia entzungo dute gainerako gonbidatuek bezalaxe. Ondoren Bonok ohiko gosaria eskainiko die bere aurrekoei. Hurrengo astean Rajoyren inbestidura saioa egingo dute bertan.
Alfredo Perez Rubalcaba Talde Sozialistako presidentea eta PSOEko beste buruzagi batzuk bertan izango dira. Era berean, jarduneko ministroek, diputatuek eta senatariek parte hartuko dute ekitaldian. Jose Montilla Kataluniako presidente ohia eta etorkizuneko senataria bertan izango da.
Erkidegoetako buruzagiak
Azken urteetan gertatu ez bezala, aurten erkidegoetako presidente ugari izango dira harrera ofizialean. Momentuz, Maria Dolores de Cospedal (Gaztela-Mantxa), Luisa Fernanda Rudi (Aragoi), Alberto Nuñez Feijoo (Galizia) eta Pedro Sanz (Errioxa) presidenteek ekitaldian izango direla baieztatu dute. Era berean, Francisco Alvarez Cascos Asturiaseko eta Paulino Rivero Kanariar Uharteetako presidenteak bertan izango dira.
Artur Mas (Katalunia), Esperanza Aguirre (Madril), Alberto Fabra (Valentzia), Jose Ramon Bauza (Balear Uharteak), Ramon Luis Valcarcel (Murtzia) eta Jose Antonio Griñan (Andaluzia) presidenteek, ostera, ez dute ekitaldian parte hartuko.
Abertzaleen falta
Bestalde, EAJk, ERCk, ICVk, BNGk eta Geroa Baik ez dute ordezkaririk bidaliko harrera ofizialera. Alderdi guzti horiek ez dute ospakizunekin bat egingo, aurrekoetan egin bezala, alderdietako iturriek baieztatu dutenez.