Politika -
TRAFIKOA
Martxan da Nafarroako trafikoaren eskumena, dokumentazio teknikoa jaso ostean
Ramirezen esanetan, "gertaera garrantzitsua" da, eta Blanca Regulez Geroa Baiko parlamentariak, berriz, transferentzia "uda baino lehen" egitea eskatu du.
EITB MEDIA | AGENTZIAK
Javier Remirez Nafarroako Gobernuko presidenteordeak ostegun honetan iragarri duenez, atzo arratsaldean jaso zuten Lurralde Politikako Ministeriotik Nafarroako trafikoaren transferentziari buruzko dokumentazio teknikoa, eta horrek, "atzera bueltarik gabe, aktibatu egiten du transferentzia egiteko prozedura legala eta administratiboa".
Trafikoaren eskumena Nafarroara eskualdatzeari buruz galdetu dio Geroa Baik Parlamentuan Ramirezi, eta horrek "gertaera garrantzisu" bat dela esan du, "diskrezioan, elkarrizketan eta bi gobernuen arteko jarrera eraikitzailean oinarritutako lanaren emaitza".
Sailburuaren hitzetan, "dokumentazio teknikoa jaso ondoren, alderdi teknikoenak zehazteko lan zorrotza hasiko da, konpetentzia jasotzea bezain garrantzitsua delako konpetentzia hori ahalik eta era eraginkorrenean eta efizienteenean, bai eta baliabide nahikoekin ere, eskualdatzea".
Ramirezek esan duenez, datozen egunetan, "Maria Chivite presidenteak eskatuta", Transferentzien Batzordeko Nafarroako taldea deituko du, "transferentzien egoera azaltzeko eta kronograman ahal den neurrian aurrera egiteko".
Sailburuaren hitzetan, "trafikoa eskualdatzeko konpromisoa legegintzaldiko akordioaren baitan dago, eta sailburu honen eta Jaurlaritzaren agendan egon da". "Bi gobernuen konpromiso politikoa baketsua, irmoa eta atzeraezina da", gaineratu du. "Gaian aurrera egiteko, Nafarroako Gobernua etengabe ari Espainiako Gobernuarekin hizketan".
Blanca Regulez Geroa Baiko parlamentariak esan du "poztu" egin direla albistearekin, eta lehia honetan hori "jauzi kualitatiboa" dela. Halaber, "hemendik aurrera, eskumen hori transferitzeko egin beharreko jardueren kronograma bat argitaratzea gustatuko litzaiguke", gaineratu du.
Regulezek eskatu du "sinergia onak aprobetxatzen jarraitzeko" eta transferentzia "uda baino lehen" egiteko; izan ere, parlamentariak dio "Madrilen giro politikoa nahasia" dagoela, eta ez du 2019ko maiatzean gertatutakoa errepikatzea nahi, "uda ostea giltzarri izango delako hauteskundeei begira eta gure autogobernua berriro kolokan egon daitekeelako".