Politika -
Dokumentalaren aurkezpena
EH Bildu: "Askatasunaren gidoia lantzen gabiltza eta herritarrak dira protagonista"
'Hamar urte baino ez' dokumentala aurkeztu du koalizio abertzaleak, eta, ekitaldian, Otegik esan du 10 urte hauetan bost ezaugarri nagusi dituen identitate proiektu bat sortzen saiatu direla.
EiTB MEDIA
Hamar urte baino ez dokumentala aurkeztu du ostiral honetan EH Bilduk. Arnaldo Otegi koalizioko koordinatzaile nagusia eta Larraitz Ugarte komunikazio zuzendaria buru izan dituen ekitaldian, biek ala biek azaldu dute zein izan den hamar urteko ibilbidean koalizio abertzaleak egindako bidea.
Ildo horretan, Otegik adierazi du bost ezaugarri nagusi dituen identitate proiektu bat sortzen saiatu direla, eta egitasmo horren ezaugarri nagusietako baten egin du azpimarra: "Egiten duguna esaten dugu, eta esaten duguna egiten dugu". Halaber, argi utzi du Euskal Herriaren askatasunaren gidoia idazten eta marrazten ari direla, eta herritarrak direla protagonista.
"10 urte ez dira ezer herri baten historian, ez dira ezer gurea bezalako mugimendu politiko batentzat. Atzera begiratzen badugu eta arretaz ikusten badugu zer garen, zer egin dugun eta, batez ere, etorkizunerako zer bide irudikatzen dugun, ikus dezakegu EH Bildu eta koalizioa osatzen duen komunitatea egoera onenean daudela, herri honetako gehiengo soziala estadio horretara bideratzeko", esan du Ugartek.
Otegik, bestalde, hizpide izan duen identitate proiektu horren balore nagusiak nabarmendu ditu. Alde batetik, argi utzi du ezkertiar eta soberanistentzako esparru bat sortu, pluraltasuna errealitate bihurtu eta elkarbizitza politikorako gune bat eraiki dutela. Horrez gain, adierazi du biderketaren eta batuketaren aldeko apustua egin dutela.
Hirugarren ezaugarri gisa aipatu du gobernu bokazioa ez ezik, estatu bokazioa ere badutela, alegia, independentistak, euskaldunak eta abertzaleak direla.
"Egiten duguna esaten dugu, eta esaten duguna egiten dugu. Hori da gure laugarren zeinua", erantsi du. Azken ezaugarriari dagokionez, ohore handiz esan du ustelkeriarik ez duen alderdi bat osatzen dutela.
"Beste hamar urteko ibilbidea dugu aurretik. Horretarako, garrantzitsuena jendearen eta oro har militanteen ekarpena da. Guztion artean etxe hau eraikitzen jarraitu behar dugu. Euskal Herriaren burujabetzatik beste identitate mota bat sortu nahi dugu, konpromisoa eta parte-hartzea ardatz dituena", bukatu du.
Dokumentalaren aurkezpena
Dokumentalak EH Bilduren komunitatea trinkotzeko asmoa du, Ugarteren esanetan. Horregatik, hiri eta herri guztietara helduko da, "hamar urte hauetan EH Bilduren komunitateak egindako lana eskertzeko modua ere badelako".
Apirilaren 3an estreinatuko dute Iruñean, eta astebete geroago Donostian egongo da ikusgai. Apirilaren 17an, berriz, Gasteizera helduko da emanaldia, eta 23an Bilbora.