Publizitatea
Itxi

2021/03/12

14:05

Politika

Mikel Zabalza

Zabalza sendiak jasotako babesa eskertu du baina auzia argitzeko pausoak eskatu ditu

E. G. | EITB MEDIA

Idoia eta Lourdes Zabalza ahizpen ustez, Nafarroako Parlamentuko adierazpen instituzionala ezin da "ekintza formal hutsean" geratu. "Badago ikertzeko aukera", azpimarratu dute.

  • Hualde Lourdes eta Idoia Zabalza ahizpekin.

    Hualde, Lourdes eta Idoia Zabalza ahizpekin. Argazkia: Nafarroako Parlamentua

  • Whatsapp
  • Whatsapp
  • Telegram
  • Bidali

Nafarroako alderdi eta erakundeek emandako babesa eskertu du gaur Mikel Zabalzaren familiak, baina bakoitzak bere eskumenen esparruan, benetan "eraginkorrak diren neurriak antolatzen" lagundu behar duela azpimarratu du, hartara, Orbaizetako gaztearen heriotza argitzeko pausoak emateko.

Idoia eta Lourdes Zabalza, hildako gaztearen arrebak, Nafarroako Parlamentuan izan dira gaur Unai Hualde ganberako presidentearekin biltzeko. Bozeramaileen Batzordeak onartutako adierazpen instituzionala eman die Hualdek.

Bileraren ondotik, Zabalza ahizpek esan dute "babestuta" sentitzen direla orain eta "adierazpenaren garrantzia baloratzen" dutela erantsi dute.

"Orain gutxi arte pentsaezina zen, baina horrek dakarren babes instituzionaletik haratago, auzia argitzeko behar diren pausoak ematen laguntzea nahiko genuke. Ez genuke nahi ekintza formal hutsean geratzea. Hainbeste difamazio eta urtetako bakardadearen ondoren, Nafarroako Parlamentuaren babesa sentitzen dugu. Hasieratik defendatzen ari garen egia ziurtzat jotzen dela esan nahi du. Orain, bakoitzak bere eskumenen esparruan, benetan eraginkorrak diren neurriak antolatzen lagundu behar du", azpimarratu du Idoia Zabalzak.

Horren ustez, auziak "bi gako" ditu. Batetik, "ikertzea posible" dela, eta ildo horretan, gogorarazi du Fiskaltzak ikerketa berriro zabaltzeko aukera aipatu zuela, betiere probak agertzen baziren. "Ebidentziak absolutuak dira", esan du. 

Bigarrenik, arlo politikoan ere badago zer egina, Idoia Zabalzaren aburuz. Besteak beste, Sekretu Ofizialen Legea moldatzea aipatu du, "dokumentazio hori publiko egin dadin. Hori politikarien esku dago".

Unai Hualdek, bere aldetik, Nafarroako erakundeek "egia, justizia eta biktima guztien erreparaziorako eskubidearekin duten konpromiso irmoa" azpimarratu du eta, ildo horretan, "kasua sakonki ikertu" behar dela azpimarratu du, "erabat argitu dadin. Egia ofizial bat dago, gizarteak zalantzan jartzen duena, eta agertu berri diren ebidentzia hauekin ezinbestekoa da ikerketa amaierara arte eramatea. Nafarroako Parlamentuak hau aho batez esan izanak balio handia du, are gehiago Ganbera honen aniztasuna kontuan hartuta, ez dezagun ahaztu Nafarroako herritar guztiak ordezkatzen dituela”.

  • Bisitatuena

      Kargatzen ikusiena
      Kargatzen ikusiena