Politika -
Kartzela-politika
Euskal presoak hurbiltzeko pausoak eskatu dizkio Urkulluk Rajoyri
EAJren presidenteak bere alderdiaren "babesa" eskaini dio gai horretan, eta argi adierazi du ez dela "presoak kartzelatik ateratzeaz" ari.
Erredakizoa
Iñigo Urkullu EAJren presidenteak euskal presoen hurbiltzean pausoak emateko deia egin dio Mariano Rajoy hurrengo Gobernuko presidenteari, eta bide horretan jeltzaleen "babesa" izango duela hitz eman dio.
Punto Radion egin dioten elkarrizketa batean azaldu duenez, bakegintzaz hitz egiten dutenean "ez dugu esan nahi bakean gaudela ETAk jarduera armatua behin betiko uztea erabaki duelako". "Bide hori atzeraezina izatea espero dugu, baina bakea prozesu luzea da eta danon isileko partehartzea eskatzen du", gaineratu du.
Horren harira, ETAri eta hura justifikatzen zutenei omen dagokie "egindako kaltea errekonozitzea". Era berean, bide horretan kartzela politikan pasuoak ematea eskatu dio Rajoyri, "presoak hurbiltzeko plan batekin, baina ez du zerikusirik presoak kartzelatik ateratzearekin, baizik eta kartzela politika malguago batekin".
Hori dela eta, Gobernuko presidente berriaren pausoak espero ditu, izan ere, "EAJren babesa izango du hori egiteko".
Urkulluk azaldu duenez, EAJk legegintzaldian izango dituen zutabe nagusiak "krisi ekonomikotik ateratzeko premia eta bake prozesuan urratsak egitea" izango dira.
Era berean, "autonomia erkidegoarentzat estatus politiko berri bat" aldarrikatuko dute.
EAJk Mariano Rajoyren izendapena babestuko ote duen galdetuta, Urkulluk esan du ez duela ez Rajoyren ez PPren deirik jaso, eta gogor kritikatu du alderdi politikoekin hitz egin aurretik agente ekonomikoekin eta sozialekin bildu izana.