Politika -

Unidas Podemos

Iglesiasek Espainiako Gobernua utzi du Madrilgo hauteskundeetan hautagai izateko

Ione Belarra eta Yolanda Diaz proposatu ditu, hurrenez hurren, ministro eta bigarren presidenteorde izateko. Are, Diaz Unidas Podemosen presidentegaia izatea nahiko lukeela erantsi du.

Iglesias. Argazkia: EFE
Pablo Iglesias
Pablo Iglesiasek Gobernua utzi du Madrilgo hauteskundeetara aurkezteko

8:20

E. G. | EITB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Pablo Iglesias Espainiako Gobernuko presidenteorde bigarrenak eta Unidas Podemoseko buruzagiak gaur iragarri duenez, koalizio exekutiboa utziko du Madrilgo erkidegoko maiatzaren 4ko hauteskundeetan hautagai izateko.

Unidas Podemoseko buruzagiak nabarmendu duenez, bere helburua da "hautagaitza indartsu" bat eraikitzea "ultraeskuina" gobernura hel ez dadin. Bide horretan, Mas Madridi zerrenda bakarrean joatea proposatuko diola iragarri du.

Gobernuan utziko duen hutsuneari dagokionez, Iglesiasek azaldu du Sanchezi honako proposamena egin diola: Ione Belarra jartzea Eskubide Sozial eta Agenda 2030 Ministerioaren buru eta Yolanda Diaz Lan ministroa bigarren presidenteorde izatea. Azken horri buruz, gainera, esan du Podemoseko eta ezkerreko jendeak nahi duela bera izatea hauteskunde orokorretan Unidas Podemosen hautagaia

Iragarpena militanteei zuzendutako bideo baten bidez egin du Iglesiasek. Buruzagi morearen arabera, Madrilen ultraeskuina geldiarazteko "erabaki ausartak" hartu behar dira, eta Voxi aurre egiteko hautagaitza "indartsu" baten beharra aldarrikatu du, Iñigo Errejon buru duen Mas Madrid alderdiari erreferentzia eginez. "Aldarri sozial bihurtu den horri (batasunarena) erantzuteko betebehar moral eta etikoa dugu", argudiatu du.

"Maiatzaren 4an erabakiko da ultraeskuina Madrilgo erakundeen jabe egiten den edo geldiarazten dugun", azaldu du, eta ildo horretan uste du "militante batek erabilgarrien den lekuan egon behar" duela. "Ziur izan nire eskarmentu, bihotz eta indar guztia jarraiko dudala ezkerreko hautagaitza indartsu eta zabal bat eraikitzeko", agertu du.

Gogorarazi duenez, gizarteak "ezkerra batuta" egoteko "aldarria" egin duela, eta PP eta Vox alderdien arteko gobernu batek suposatuko lukeen "arrisku izugarria"ren aurrean, ezkerrak "egoerak eskatzen duen mailan" egon behar duela: "Erantzukizunez eta umiltasunez denok elkarrekin hautagaitza bakar eta bateratu bat osatu behar dugu".

"Madrilek ezkerreko gobernu bat behar du, eta uste dut baliagarria izan naitekeela horren buru izaten eta irabazten", defendatu du Iglesiasek. Argudiatu duenez, eskuina ez da iheslarien alderdiekin geldiarazten, hautagaitza indartsu eta zabal batekin baizik".

Dena dela, aitortu du "jakitun" dela Errejonen alderdiaren baitan "orbainak" daudela.

Diazek dio "ohorea" dela erronka hartzea

Yolanda Diaz Lan ministroa Espainiako Gobernuko presidenteorde bigarrena izateko proposatu duela ere iragarri du Iglesiasek bideoan. Are, harago jota, adierazi du "Espainiako hurrengo presidentea" izan daitekeela.

"Podemoseko, Izquierda Unidako, En Comu-Podemeko jendeak Yolanda babestu eta lagundu behar dugu, berak hala erabakitzen badu eta gure erakundeetako militantziak  nahi badu, Unidas Podemosen presidentegaia izan dadila hurrengo hauteskunde orokorretan. Eta hala, Espainiako Gobernuko lehen emakumezko presidentea izan dadin", aldarrikatu du.

Yolanda Diazek Iglesiasen erabakia ausarta dela azpimarratu du, eta esan du "ohorea" dela "presidenteorde" izateko erronka edukitzea.

Sare sozialetan zabaldutako mezu batean, Diazek azpimarratu du politikara iritsi zirela "gauzak aldatzeko eta pertsonen bizitza hobetzeko", eta horixe "defendatu" duela Iglesiasek ere.

"Gobernuan erakutsi zuen eta orain jarraitzen du, hautagaitza ausarta eta beharrezko horrekin, gehien maite dugun Madril indarrarekin eta ilusioarekin batzeko", adierazi du Lan ministroak Twitterren, Iglesiasekin duen argazki batek lagunduta.

Era berean, azken urtean "esfortzu guztia lanaren babesean" jarri duela gogorarazi du, "elkarrizketa sozialean" oinarrituta egin duela, eta orain Presidenteordetzaren erronka batu zaiola.

"Ohorea izango da Gobernu honentzat eta Pedro Sanchezekin lan egiten jarraitzea", Unidas Podemos mailan izan dezakeen eraginari aipamenik egin gabe.

Isabel Ayusoren erreakzioa

Iglesiasen iragarpena ezagutu berritan, txioa bota du Isabel Diaz Ayuso Madrilgo erkidegoko presidente eta PPko hautagaiak: "Komunismoa ala askatasuna. Maiatzaren 4a".

Gerora, prentsaurrekoa eskaini du Diaz Ayusok. Nabarmendu duenez, "Espainia nirekin zorretan dago. Pablo Iglesias Moncloatik atera dut".

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Politika Espainiako Gobernua Pablo Iglesias Hautagaiak Eguneko albisteak Albisteak Madril Hauteskundeak Yolanda Diaz gaur