Publizitatea
Itxi

2021/03/17

14:41

Politika

Zabalza auzia

Marlaskak berretsi du ez dela egokia Zabalza auziaren "ikerketa paraleloa egitea"

N.B. | EITB MEDIA

Barne ministroak esan du Botere Judizialak erabaki behar duela berriro irekitzeko elementurik dagoen ala ez. EAJk, bitartean, dokumentazio ofiziala desklasifikatzeko eskatu dio Espainiako Gobernuari.

1:0
Fernando Grande Marlaska
  • Whatsapp
  • Whatsapp
  • Telegram
  • Bidali

EAJk presioa egin du asteazken honetan Diputatuen Kongresuan, Espainiako Gobernuak Mikel Zabalzaren 1985eko heriotzari buruzko dokumentazio ofiziala desklasifika dezan; baina Fernando Grande Marlaska Barne ministroak berretsi duenez, "ez da egokia ikerketa prospektibo paralelo bat abiatzea".

Premiazko interpelazio batean, Aitor Esteban EAJko diputatuak Grande Marlaskari eskatu dio Ministroen Kontseilura eraman dezala 80ko hamarkadan Guardia Zibilak Intxaurrondon duen kuartelean izandako tortura kasuei lotutako dokumentuak desklasifikatzeko eskaera, eta hori "giltza" izango litzatekeela uste du, Dolores Delgado Estatuko fiskal nagusiak prozedura berriro irekitzeko agindua eman dezan.

Kongresuan aurpegia ematea "nekagarria dela" onartu du Estebanek. Ministroak, bere aldetik, esan du ez dakiela epaitegiek baloratu ez dituzten dokumentu sailkatuak dauden ala ez, eta orain dela 20 urteko instrukzio "bikaina" defendatu du (artxiboan amaitu zen instrukzio hori), bai eta, azpimarratu duenez, Euskal Autonomia Erkidegoan egindako praktika-aldian ezagutu zituen epaileen "ausardia" ere.

Grande Marlaskak zalantzan jarri du, Senatuan egin zuen bezala, audioa berria denik, instrukzio judizialak edukia jada baloratu zuelako. Estebanek gogorarazi duenez, audio horretan, garai hartan CESIDeko arduraduna zen Juan Alberto Perote entzuten da, Zabalza eragindako torturen ondorioz hil zela aitortuz.

"ETAren aurkako borrokak ez du dena justifikatzen", adierazi du EAJko diputatuak, Peroteren eta Pedro Gomez Nietoren arteko audioa aipatuz. "Zu euskalduna zara", esan dio Grande Marlaskari, "ondo ezagutzen duzu kasua eta zure Gobernuan galde dezakezu, batzuek oso ondo ezagutzen dute tortura kasu hori".

Senatuan egin zuen bezala, Grande Marlaskak esan du Botere Judizialak erabaki behar duela berriro irekitzea agintzeko elementurik ba ote dagoen, eta hori ere eska dezakete prozeduran agertutako akusazioek. Auziaz arduratzen diren auzitegietatik at edozein ekintza egitea "arrisku handia" izango litzatekeela esan du, "ikerketa prospektibo bat ez delako egokia".

EH Bilduk Marlasa kritikatu du

Mertxe Aizpurua EH Bilduko bozeramaileak adierazi duenez, Barne ministroaren hitzak "etsigarriak eta mingarriak" dira, "bertsio ofizialean ezkutatuz", batez ere ikerketa judiziala akatsgabea eta konplexua izan zela esateagatik.

"Inork ez du Zabalzaren heriotzagatik ordaindu", esan du EH Bilduko diputatuak, eta salatu du Intxaurrondo bezalako kuarteletako "torturaren praktika sistematikoan" kokatzen dela eta "Estatuko botereek zigorgabetasun mantuari eutsi nahi diotela". Zentzu horretan, hildakoaren arrebak auzia berriro ireki nahi duenean "beste alde batera begiratzea" aurpegiratu dio Espainiako Gobernuari.

  • Bisitatuena

      Kargatzen ikusiena
      Kargatzen ikusiena