Politika -

Elkarrizketa Radio Euskadin

Iriarte: Marlaskak ezikusiarena egiten zuen atxilotutakoek tortura salatzen zutenean

EH Bilduk biktimen erreparaziorako egindako pausoak nabarmendu ditu eta Anduezari Egigurenekin eta Zapaterorekin hitz egiteko eskatu dio: "Biek diote bake gizona dela".

Iriarte, Radio Euskadiko estudioetan. EITB MEDIA
Maddalen Iriarte
Iriarte, Radio Euskadiko estudioetan. EITB MEDIA

EITB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Maddalen Iriarte EH Bilduk Legebiltzarrean duen bozeramaileak gogor kritikatu du Fernando Grande-Marlaska Barne ministroa, Auzitegi Nazionaleko epaile zen garaian "ezikusiarena" egiteagatik "atxilotutakoek tortura salatzen zutenean". Zabalza auziaren harira, zauriak ixten lagunduko duten pausoak eskatu ditu. Izan ere, "denbora askoan, beste alde batera begiratu du justiziak". Iriarteren esanetan, "bakean eta bizikidetzan" aurrera egiteko "biktima guztiei itxaropenezko etorkizuna marraztea" garrantzitsua da.

Radio Euskadin egin dioten elkarrizketa batean, Eneko Anduezak atzo Otegiri buruz egindako adierazpenak ere hizpide hartu ditu Iriartek. "EH Bilduk egiarekiko eta erreparazioarekiko duen konpromisoa erakutsi du. Zoritxarrez, bidean oztopoak jarri nahi dituzte batzuek. Anduezari esango nioke hitz egiteko Egigurenekin edo Zapaterorekin, biek diote bake gizona dela", azpimarratu du. Iriarteren hitzetan, "euskal gizarteak fase hori gaindituta du".

Jaurlaritzaren kudeaketa ahotan, Iriartek salatu du "gehiengo osoa baliatzen" duela, "dena ondo egiten duelakoan. Gauzak hobeto egoteko lanean ari garela ikusarazi nahi diot lehendakariari", azaldu du. Orain arte komunikazio falta egon dela esan du, eta hemendik aurrera zer gertatzen den ikusi nahi duela, "azken lau hilabeteotan ikusitakoagatik bada...", erantsi du.

Horren ildoan, egingarritzat du Nagore Alkorta (EH Bildu) EUDELen presidenteordea LABIan sartzeko aukera, horrek hartzen diren erabakiak gertuagotik ezagutzeko modua emango dielakoan. Kritikatu duenez, "murrizketen kaltedunei ez zaie irtenbiderik ematen".

Autogobernuko lantaldearen jarduna eten daitekeela eta, kritiko azaldu da EH Bilduko buruzagia "Urkulluk egunero diosku ez ditugula nahikoa erreminta pandemiari aurre egiteko... Ados nago, eta hori ez da aldatuko Estatuarekin dugun harremana aldatzen ez bada. Gure etorkizuna erabakitzeko eskubidea izan behar dugu. Gainerako guztia adabakiak dira", azpimarratu du.

Iriarteren aburuz, "aukerak baliatu egin behar dira. Gaur egungo Espainiako Gobernua parentesi bat da. Ez dut imajinatu nahi zein harreman izango genuke PP eta Vox gobernuan baleude". Bestalde, argitu du Pablo Iglesiasekin ez ezik, beste ministro batzuekin ere, izan Unidas Podemosekoak zein PSOEkoak, harremana dutela.

Azkenik, Azpeitiko Corrugados enpresaren inguruan Udalaren eta Jaurlaritzaren artean sortu den polemikari buruz, Iriartek esan du Jaurlaritzak "eztabaida maltzur eta manipulatua" egin duela: "Nola esan liteke EH Bilduk eta Azpeitiko Udalak lanpostuak sortu nahi ez dituela? Ikusiko dugu zertan den Corrugadosen proiektua, bideragarritasuna oraindik ez dugu ezagutzen eta. Nagore Alkorta alkateak dioen bezala, gaia komunikabideetatik atera behar dugu, eta interesa duten aldeak mahai baten bueltan jesarri behar dira irtenbide onenak aurkitzeko".

Eneko Goia Donostiako alkateari —galdeketak "jaurtitzeko arma" gisa erabiltzea leporatu zion Udalari— erantzunez, Iriartek adierazi du EAJri ez zaiola "jendeari galdetzea gustatzen", eta erantsi XXI. mendean horrek ez lukeela arazo izan behar.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Politika EAJ-PNV Albisteak Alderdi Sozialista Eusko Jaurlaritza Azpeitia Lana Espainiako Gobernua Alderdi politikoak EH Bildu PSE-EE berriak Eguneko albisteak Albisteak Podemos Bakea eta adiskidetzea Euskadin Maddalen Iriarte