Politika -
Mariano Rajoyren iragarpena
Alfonso Alonso izango da PPren bozeramailea Kongresuan
Halaber, Jesus Posada ministro ohia izango da Kongresuko presidentea, eta Pio Garcia Escudero senataria Goi Ganberakoa.
Erredakzioa
Jesus Posada ministro ohia izango da Diputatuen Kongresuko presidentea, eta Pio Garcia Escudero senataria Goi Ganberekoa, Mariano Rajoy Espainiako Gobernuko hurrengo presidenteak iragarri duenez.
Halaber, Alfonso Alonso Arabako PPko presidente eta Gasteizko alkate ohia arituko da alderdiaren Kongresuko bozeramaile lanetan, eta Jose Manuel Barreiro galiziarra Senatukoan.
Mariano Rajoyk PPren Zuzendaritza Nazionalaren aurrean egin ditu iragarpenak.
Jesus Posadak eta Pio Garcia Escuderok bihar hartuko dute kargua, Ganberak osatzeko saioetan.
Behe Ganberan PPk bi presidenteorde eta bi idazkari izango ditu, hala adostu baitu PSOErekin.
Itun horren arabera, PPk bost kide izango ditu Kongresuko Mahaian, PSOEk hiru eta CiUk bi.
Senatuan ere akordioa izan da: PPk lau kide izango ditu, PSOEk bi eta CiUk bat.
Behe Ganberako Mahaian, PPk honako pertsonak izango ditu: Jesus Posada (presidente), Celia Villalobos (lehen presidenteorde), Dolors Montserrat (hirugarren presidenteorde), Ignacio Gil (idazkari) eta Santiago Cervera (idazkari).
Senatuan, aldiz, honakoak: Pio Garcia Escudero (presidente), Juan Jose Lucas (presidenteorde) eta Matias Conde (idazkari).
Ezuste nagusia Jesus Posadaren izendapena izan da. Izan ere, Rajoyren lagun mina bada ere eta ibilbide politiko luzea badu ere, alderdi barruan Jorge Fernandez Diaz kataluniarra ikusten zuten faborito.
Alonsok "erantzukizuna, eztabaida eta lana" eskatu ditu
Alfonso Alonso Eusko Legebiltzarreko PPko bozeramaileak astelehen honetan "erantzukizuna, eztabaida eta lana" eskatu ditu bere alderdiari eta baita gainontzeko alderdiei ere. Gainera, Rajoyri eskerrak eman dizkio "niregan utzitako konfidantzagatik".
Halaber, Mariano Rajoy Gobernuko presidente berriak "diru publikoa maneiatzean, doi izateko" eskatu die PPko kideei, "gastu pertsonalei dagozkion dirua maneiatzean, bereziki".
Gobernuaren kudeaketaren inguruan, "erantzukizuna" eta "zentzutasunezko" printzioak jarraituz, "esfortsurik handienak" eskatu ditu PPko buruak, “gauzak ondo egin ditzagun”.