Politika -
Biktimak
Kongresuak errefusatu egin du Mikel Zabalzaren kasua berriro irekitzera behartzea
EAJrena zen ekimena, eta horrekin batera mozio bat aurkeztu du Espainiako Gobernuak kasuari buruzko dokumentazioa argitara eman dezan.
agentziak | eitb media
Kongresuko gehiengoak atzera bota du Mikel Zabalzaren kasua berriro irekitzeko egindako eskaera. Zabalza nafarra 1985an hil zen Guardia Zibilak atxilotu ostean, eta EAJk proposatu du Espainiako Gobernuak Fiskaltza auzia berriro irekitzera behartu dezala.
Zabalza itota hil zen zulo bat erakustera zihoala ihes egin zuenean, Guardia Zibilak emandako bertsioaren arabera, baina orain gutxi zabaldutako audio batzuetan agerian geratu da Intxaurrondoko kuartelean jasotako torturengatik hil zela, familiak 35 urtez salatu duen moduan.
Hori dela eta, EAJk Fernando Grande-Marlaska Barne ministroari galdetu zion gai honen inguruan aurreko astean, eta gaur mozio bat aurkeztu du Espainiako Gobernuak kasuari buruzko dokumentazioa argitara eman dezan.
PSOEk zuzenketa bat aurkeztu dio EAJren ekimenari, testua aldatuta: "Gobernuak delituak egon daitezkeen kasuak aztertzeko eskumena duten botere publikoei eskatzen die sakon azter dezatela, Mikel Zabalza gazte nafarraren heriotzaren inguruan egia jakin dadin".
Baina EAJk ez du zuzenketa onartu, Aitor Esteban bozeramaileari "hutsala" dela iruditu baitzaio, "hitzetatik ekintzetara" igaro behar den honetan.
"Ez da nahikoa esatea, Grande-Marlaska ministroak egin zuen moduan, hau auzitegien kontua dela. Poliziak ez du ikertzen? Ezin dira argitaratu kasuari buruzko dokumentuak? Ez du egingo PSOEk eta Podemosek osatutako Gobernuak?", galdetu du Estebanek.
Gainera, gogorarazi du Lasa eta Zabalaren kasuetan ere Auzitegi Gorena izan zela, "lotsagatik", egia azalerazi zuena.
Gemma Urquijo diputatu sozialistaren ustez, baina, zuzenbide-estatuak egin zuen bere lana eta duela gutxi argitaratutako audioak Justiziaren esku jarri ziren 2004an, baina auzitegiek atzera bota zuten horien erabilgarritasuna.
EAJrekin eta bere "etsipen sentimenduarekin enpatizatu" arren, Urquijok botere banaketa aldarrikatu du, eta froga berriak agertuz gero Justiziak aurrera egingo duela esan du.
Kongresuko eztabaidan, diputatu batzuek (EH Bildukoek, CUPekoek eta ERCkoek) torturen erabilera salatu dute, eta gogorarazi dute Espainia hamaika aldiz zigortu duela Giza Eskubideen Europako Auzitegiak horiek nahikoa ez ikertzeagatik.