Publizitatea
Itxi

2021/03/25

11:23

Politika

Eudelek sustatutakoak

EH Bilduk ez ditu babestuko presoei ongietorririk ez egiteko udaletako mozioak

E. G. | EITB MEDIA

Eudelen ekimenez, EAJk eta PSE-EEk mozioak aurkeztuko dituzte EAEko udaletan ETAko presoen ongietorri publikoekin amaitzeko. Donostiako Udalak atzo onartu zuen berea.

  • Whatsapp
  • Whatsapp
  • Telegram
  • Bidali

EH Bilduk ez ditu babestuko EAJk eta PSE-EEk Euskal Autonomia Erkidegoko (EAE) udaletan ETAko presoen ongietorrien kontura aurkeztuko dituzten mozioak. Buesa Fundazioak, Gogoan eta Elkarbizi elkarteek proposatuta, Eudelen zuzendaritza batzordean eztabaidatu zen ekimena, eta jeltzaleen eta sozialisten aldeko botoekin (gehiengoa dute) atera zen aurrera, EH Bilduren alkateek kontra egin zuten arren.

Ekimenaren helburua da ETAko presoei "omenaldi publikorik ez egitea", gune publikoetatik presoen ikonografiak kentzea eta "memoriaren, elkarbizitzaren eta indarkeriaren deslegitimazioaren aldeko espazioak sortzea", besteak beste.

Dokumentua mozio bidez helduko da orain EAEko udaletara. Donostiakoa izan da eztabaidatzen lehena. Bozeramaileen Batzordeak atzo onartu zuen adierazpen instituzionala EAJren, PSE-EEren, Elkarrekin Donostiaren eta PPren aldeko botoekin. EH Bilduk ez zuen adierazpenaren alde egin. Gasteizko Udala bihar da mozioa eztabaidatzekoa.

EH Bilduk ohar bidez nabarmendu duenez, mozioek "konfrontaziorako eta aurkariaren higadura politikorako elementua" izan nahi dute. Izan ere, koalizioarentzat "giza ekintzak" dira ongietorriak, "biktima bakar bat ere ez zuzenean ez zeharka biktimizatzea edo berriz biktimizatzea" helburu ez dutenak, eta ekimen horrekin "gehiegizko dimentsioa" eman zaiela uste du.

Hala, EH Bilduren iritzian, EAJk eta PSE-EEk "bultzada politiko argia" dute hori sustatzeko, eta "lortuko duten gauza bakarra euskal herritarrak Auzitegi Nazionalera eramatea da, eta herri honetan ondo dakigu horrek zer esan nahi duen".

Koalizioak adierazi duenez, "gehiegizko dimentsioa eman nahi zaio zenbaitetan auzotar bati harrera egin izanari, urte luzez eta milaka kilometrotara ezarritako kondena osorik bete duelako".

"Kezkagarria iruditzen zaigu gertakari horiek inolako lotsarik gabe erabiltzea "errelatoaren borroka" deitzen dioten elementu gisa. EH Bilduk beti defendatuko ditu eskubide guztiak pertsona guztientzat, eta ez du inolaz ere bizikidetza demokratikoa eraikitzearen aurka egingo. Era horretara, ez dugu "garaile eta garaituen" eskemarik elikatuko, ezta parte hartuko ere. Gure herriarekiko erantzukizun politikoagatik eta bizikidetza benetan inklusibo eta demokratikoagatik", ohartarazi du.

Bestalde, Miren Gorrotxategi Elkarrekin Podemos-IUk Legebiltzarrean duen bozeramaileak esan du mozioen aurrean koalizioak hartu duen jarrera aztertzen ari direla. Gorrotxategiren esanetan, "ulertzen dugu familia eta lagunek badaukatela behar pertsonal bat ongietorria emateko bere senide eta lagunei, baina, egiten den moduagatik, horrek eragiten du kalte bat biktimarengan etikoki eta politikoki onartezina".

Gorrotxategik azpimarratu duenez, ezkerreko koalizioa "beti izango da orain arte izan duten jarrerarekiko koherente", eta 2019an Legebiltzarrean EH Bilduk ez beste taldeek ETAko presoen ongietorrien kontra onartu zuten ebazpenarekin bat egiten duela erantsi du.

Erreakzio gehiago

Sara Buesa Fernando Buesa Fundazioko presidenteordearen iritzian, "etsigarria" da EH Bilduren iragarpena, eta nabarmendu du ekimena "eraikitzailea" dela eta "zubi-lana" egitearen aldekoa. "Dena dela, ezinbestekoa da bide batzuetan atzera egitea, eta terrorismoaren deslegitimazioa nahitaezkoa da", gaineratu du.

Twitter sare sozialean duen kontuan kaleratutako hari batean, Buesak galdera egin dio koalizio abertzaleari, ea "dokumentuan zein parterekin" ez dagoen ados eta "zergatik" ezin duen babestu.

Azkenik, Egiari Zor Fundazioak ere Eudelera jo du "giza eskubideen urraketa larrien eta estatu-terrorismoaren egileak goraipatzeari eta haiei omenaldi instituzionala egiteari buruz" duten iritzia jakinarazteko. Era berean, erakundeek bultzatuta, "ken diezaizkietela giza eskubideen urraketetan eta Estatu terrorismoan erantzukizunen bat duten Estatuko segurtasun indarren kideei emandako dominak, maila igoerak eta biziarteko soldatak". Azkenik, eskatu du "apurka-apurka desagerrarazten joatea errepideetan armatutako kontrolak apurka-apurka eta gure hiri, herri eta auzoetan Estatuko segurtasun indarren okupazio militarizatua".

  • Bisitatuena

      Kargatzen ikusiena
      Kargatzen ikusiena
    ;