Politika -

Koronabirusa

Pandemiari aurre egiteko legea premiazko prozedurarekin bideratuko du Legebiltzarrak

EAJk eta PSE-EEk lege-proposamena aurkeztu dute. “Salbuespen egoeraren” eraginez testuaren tramitazioa “azkartzea” beharrezkoa dela uste dute jeltzaleek eta sozialistek.

Eusko Legebiltzarra. Artxiboko argazkia: EFE
Eusko Legebiltzarra. Artxiboko argazkia: EFE
Eusko Legebiltzarra. Artxiboko argazkia: EFE

EiTB Media | Agentziak

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Pandemia kudeatzeko legea premiazko prozedurarekin bideratuko dute. Covid-19ari aurre egiteko neurriei “segurtasun juridikoa” eman nahi die Eusko Jaurlaritzak arauaren bidez. Osasun krisiak eragindako “salbuespen egoeraren” ondorioz testuaren tramitazioa “azkartzea” beharrezkoa dela uste dute EAJk eta PSE-EEk.

Jeltzaleek eta sozialistek proposamena erregistratu dute Eusko Legebiltzarrean, ostiral honetan.

Bi alderdiek gainerako indar politikoei “erantzukizuna” eskatu diete, legeak “babes zabala” lortzeko. Hala ere, Eusko Jaurlaritzako kideek gehiengo osoa dute Ganberan.

Legea EAEko eskumenetara mugatuko da. Pandemiari aurre egiteko “esparru ezberdinetan erabilgarri eta tresna praktikoa” izan nahi du legeak, testuaren arabera.

Esan bezala, araua onartuko dute; izan ere, Gobernuko alderdiek gehiengo absolutua dute Legebiltzarrean. Hala ere, Luis Javier Telleriak (PNV) eta Ekain Ricok (PSE-EE) oposizioari babesa eskatu diete: “Birusaren kontrako borrokan guztiak egon behar gara”.

Bilkura-aldia ekainaren 24an bukatu baino lehen legea onartzea espero dute sozialistek eta jeltzaleek.

Legeak zigor erregimen bat, “segurtasun juridiko eta eraginkortasun” handiagoa izateko; bost alerta maila; sei adierazle epidemiologiko eta osasun zein prebentzio neurriak aurreikusten ditu arrisku maila bakoitzarentzako.

Maila baxuena 100.000 biztanleko 60 kasutan kokatuko da, Eusko Jaurlaritzak diseinatutako Bizi Berri egitasmoan jasotako helburua, alegia. Maila horren azpitik neurri murriztaileak indarrik gabe geratuko lirateke.

15 egunik behin Exekutiboak Parlamentuari osasun neurrien eta koronabirusaren bilakaeraren berri eman beharko dio, eta lehendakariak LABI aholku batzordea zuzendu eta izendatuko du.

Arauarekin, Gobernuaren erabakiei babesa emateaz gain, EAJk eta PSE-EEk “autogobernuari etekin handiena atera” nahi diote, eskumenak “birusaren aurkako borrokaren zerbitzura” jartzeko.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Politika Osakidetza EAJ-PNV Bizkaia Gipuzkoa Araba Eusko Jaurlaritza Eusko Legebiltzarra Euskal Autonomia Erkidegoa Gaixotasunak PSE-EE Eguneko albisteak Albisteak Zientzia Osasun albisteak Medikuak Basurtuko ospitalea Gurutzetako ospitalea Erizaintza Sendagaiak Txertoak Donostia Ospitalea Txagorritxu Ospitalea Koronabirusa Galdakao-Usansolo Ospitalea Anbulatorioak