Politika -

Aberri Eguna

Podemos-Ahal Dugu: "Euskal aberria defendatzea publikoa den guztia defendatzea da"

Euskal Herri Batera mugimenduak iganderako egindako deialdiarekin bat egin du alderdi moreak, EH Bilduk egin duen bezala.

Pilar Garrido Podemos AhalDuguko koordinadorea. EFEren artxiboko argazki batean
Pilar Garrido Podemos AhalDuguko koordinadorea.
Pilar Garrido Podemos AhalDuguko koordinadorea. EFEren artxiboko argazki batean

E. G. | EITB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Euskal Herria Batera mugimenduak Aberri Egunerako egindako deialdiarekin bat egin du Podemos-Ahal Duguk eta horren harira aldarrikatu duenez, "euskal aberria arlo publikoaren defentsatik eraikitzen da, komuna den guztia eraikiz, baliabideak eta aberastasuna babestuz, zaintzaren zerbitzu publiko bat eratuz, lanaren prekarietatearekin amaituko duen kalitatezko enplegua sortuz, hezkuntza publikoaren aldeko apustutik edo zerga-sistema bidezkoago eta zuzenago bat ezarriz".

Alderdi moreak manifestua kaleratu zuen atzo apirilaren 4ko Aberri Egunaren harira. Haren iritzian, "euskal aberria ez da Aberri Egunean bertan hasi eta bukatzen". Aitzitik, azpimarratu du "egunez egun lantzen" dela, oraindik ere "asko baitago eraikitzeko Euskadin, are gehiago pandemia eta krisialdi garai hauetan, maila guztietan gainera. Izan ere, beharrezkoa da zaintzak ozenki aldarrikatzea eta defendatzea, baita bizitza erdigunean jartzea ere, betiere ikuspegi feminista eta ekologista batetik".

Euskal Herria Batera herri mugimenduak Aberri Egunean, apirilaren 4an, herrietako eta hirietako plazetan elkartzeko deia egin die herritarrei, sindikatuei, alderdiei eta gizarte eragileei, eta 12:30ean, hiru abesti kantatzea proposatu du: "Gernikako Arbola", "Txoriak Txori" eta "Ikusi Mendizaleak". Halaber, leiho eta balkoiak "gure ikurrekin apaintzeko" eskatu dute. EH Bilduk ere bat egin du ekimenarekin.

Pilar Garridok zuzentzen duen alderdiaren ustez, "euskal aberria defendatzeak esan nahi du zaintza zerbitzu publiko bat sortzea herritarrei oinarrizko eskubide bat bermatzeko, hain zuzen ere, eskubide hori urratu baita milaka euskaldunentzat ondorio larriak ekarri dituen pandemiaren garaian. Gure ingurunea zaintzea ere defendatzea da, eta hor ez da sartzen gure herriak kutsatuko dituzten gas-ustiategiak proiektatzea".

Manifestuan jaso dutenez, "euskal aberria defendatzeak gure sektore publikoari hainbeste eragiten dion laneko behin-behinekotasuna ezabatzea dakar, kalitatezko zerbitzu publikoak bermatzea eta pribatizazioaren kontra egitea ere bai; izan ere, herrialdearen ongizatea zerga-sistema bidezkoago batetik abiatuz defendatu behar da, eta ez fiskalitatea jaitsiz aberatsenei".

Podemos-Ahal Duguren esanetan, "Euskal aberria defendatzea Euskadiren aberastasuna ez zatitzea da, edozein eskaintzaileri edozein modutan saltzeko, funtsek gure etxeekin espekulatzen ez uztea, zerbitzu publikoak ez pribatizatzea, gure industria-ehuna desegiten ez laguntzea eta gure lurra atzerriko kapitalaren zerbitzura dagoen lursail ez bihurtzea. Zertarako balio digu dagozkigun eskumenak gure gain hartzeak, gero haien kudeaketa inbertsio-funtsen jabe diren enpresa multinazionalei saltzen badiegu?", galdetu dute.

"Euskadiren aberastasuna zatitzen dutenak, eskaintza onenari saltzeko, euskaldun zintzoaren txartela banatu nahi duten horiexek dira, alegia zerbitzu publikoak pribatizatzen dituzten bitartean ikurrinean biltzen direnak, gure industria-sarea desegiten dutenak, gure etxeekin espekulatzen dutenak", azpimarratu dute.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Politika EAJ-PNV Euskal Autonomia Erkidegoa Aberri Eguna Alderdi politikoak EH Bildu Eguneko albisteak Albisteak Podemos Ahal Dugu Euskadi