Politika -
Kopako finala
Kopako istiluetan "erakundeen arduragabetasuna" izan dela salatu du Iriartek
EH Bilduren bozeramaileak norbanakoen jokabideak kritikatu ditu, baina uste du "ezin dela herritarrei horretara batzea leporatu hori bera bultzatu denean".
EITB Media | Agentziak
Maddalen Iriarte EH Bilduren Eusko Legebiltzarreko presidentearen ustez, Errege Kopako finalaren istiluetan norbanakoen jokaera "arduragabeak" izan dira, baina baita "erakundeen arduragabetasun handia" ere.
Cadena Ser irratian emandako elkarrizketa batean, Iriartek esan du "arduragabetasun handia" izan dela, "batez ere erakundeena", partidaren datatik hasita. Bere ustez, Aste Santuko larunbata ez zen egunik egokiena. Modu berean, Realak eta Athleticek aireportura joateko ordutegiak publiko egitea beharrezkoa ote zen galdetu du.
"Ez zen beharrezkoa neurri murriztaileak Aste Santua baino aste bat lehenago hartzea eta esatea, edozer gauza gertatuta ere, Pazko Astera arte ez zela ezer birplanteatuko", esan du.
Iriartek ez du ukatu norbanakoen jokaera "arduragabeak" egon direnik, baina, partida bertan behera utzi eta urtebetera jokatzea erabakitzen bada eta "propaganda kanpaina bat" antolatzen bada "ilusioa behar delako", gero "ezin da herritarrei horretara batzea leporatu hori bera bultzatu denean".
"Ezin du balio orain sumintzeak lehenik ahal izan duzun guztia egin baduzu emaitza atzo ikusi genuena izateko, inori erantzukizuna kendu gabe", gehitu du. Hasieratik, EH Bilduk "mundu guztiari erantzukizun indibiduala eta kolektiboa" eskatu diola gogorarazi du.
Ertzaintzak gaur ezarritako jende pilaketak ekiditeko dispositiboari dagokionez, neurri egokiak zeintzuk diren ez dakien arren, "ez naizelako sailburua ezta ertzaina ere", Iriartek uste du neurriak "bide egokian doazela".
"Jendea ez pilatzea kontrolatu nahi bada, ziur aski emaitzak hobeak izango dira. Hori egin beharko zen, eta taldeek ez balute esango noiz irten behar ziren, zaleak etxea edo bere inguruan geratuko lirateke, eta ez litzateke gertatuko egun hauetan ikusi duguna", esan du.
Urkullu aurreikuspen faltagatik kritikatu du Iturgaizek
Sare sozialetan argitaratutako mezu batean, EAEko PPko presidente Carlos Iturgaizek "Athleticeko baloreak eta koloreak ordezkatzen ez dituzten norbanakoek" sortutako "istilu deitoragarriak" gaitzetsi ditu.
"Eta orain Urkulluk esatea hausnartzeko asko dagoela… Aurreikusi, askoz aurretik, hori egin behar da", gehitu du.