Politika -
Hezkuntza
Celaak "bidegabea" ikusten du eskola pribatua eta publikoa parekatzea
Bi hezkuntza sistemak beharrezkoak direla aipatu du sailburuak, baina "nahitaezkotzat" jo du hezkuntza publikoaz arduratzea.
Erredakzioa
Hezkuntza publikoaren eta itunduaren finantzazioa parekatzea "guztiz bidegabea" dela uste du Isabel Celaa Hezkuntza sailburuak, sistema ezberdin hauek ez baitute haien gainean "zama bera". Horrez gain, eta nahiz eta errekurtso gehiago eskatzea "zilegi izan", finantzazio aldaketak BPGaren igoerari lotuta egongo direla ohartarazi du.
Kristau Eskola elkartetik euskal hezkuntza osatzen duten bi sareen finantziazioari egindako kritikei erantzunez, Isabel Celaak agerraldia eskaini du gaur Bilbon. Kritika horiek txosten batean argitaratu dira, eta bertan azaltzen denez hezkuntza publikoak aurrekontuaren % 69 erakartzen du, pribatuak % 31lortzen duen bitartean.
Sailburuak bi hezkuntza sistemak beharrezkoak direla aipatu du, baina "nahitaezkotzat" jo du hezkuntza publikoaz arduratzea, "eremu ezberdinetan" daudela azpimarratuz. Hezkuntza publikoa 50 eskola txikien kudeaketaz, hezkuntza berezituaz, gaixorik daudenei eskolak etxean emateaz eta atzerritik etorri berri direnei arreta egiteaz arduratzen dela gaineratu du.
Kopuru ezberdinak ikasle bakoitzarengatik
Zentsu horretan, Hezkuntza Sailak 1.000 ikasletik gora dituzten Haur eta Lehen Hezkuntzako eskolei ume bakoitzeko 3.409 euro ematen dizkietela argitu du Celaak. Kopuru hori handitu egiten da, eskola txikiagoa den heinean. 400 ikasleko eskolei 4.046 euro ematen dizkiete, eta 25 ikaslekoei 9.387.
Bigarren Hezkuntzan 6.063 euro eskaintzen dira 1.000 ikasleko zentroetan. 60 ikaslekoetan, berriz, kopuru hori bikoiztu egiten da, 12.707 euro arte heltzeraino.