Politika -

Legegintzaldi berria

Lehendakaria: 'Erabaki politiko baldarra da Amaiurri taldea ukatzea'

Koalizio abertzaleak ez du baztertzen Geroa Bairekin batera osatzea taldea, baina PPk ohartarazi du ez duela onartuko formula hori.

Xabier Mikel Errekondo Amaiurreko diputatua. Argazkia: EFE
Amaiurrek Kongresuan taldea izatea eragotzi egin du PPk

02:20

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Xabier Mikel Errekondo Amaiurreko diputatuak aitortu du beste alderdi batzuekin batera talde parlamentarioa osatzea aztertzen ari direla, PPk koalizio abertzaleari talde propioa ukatu eta gero. Nolanahi ere, Errekondo uste du PPk atzera botako dituela Amaiurren alternatiba guztiak.

RNEn egindako elkarrizketa batean, diputatu abertzaleak adierazi du PPren erabakiak "asmo argia" duela.

"Aukera asko aztertu ditugu, [taldea izateko] eskubidea baitugu eta gainerako taldeek laguntza eskaini digutelako. IUrekin, ERCrekin edo Geroa Bairekin egitea hizpide hartu da", gaineratu du.

Halaber, PPren erabakiaren aurka helegitea aurkezteko epea bukatu baino lehen (20:00) seguru aski Auzitegi Konstituzionalera joko dutela iragarri du.

Errekondoren esanetan, talde propioa sortzea ez da "azken helburua", baizik eta euren lana egiteko "baliabide bat". "Taldearekin edo talderik gabe, zehaztapen berdinarekin egingo dugu lan", nabarmendu du.

PPk ez du onartuko ituna

Bere aldetik, Celia Villalobos (PP) Kongresuko lehen presidenteordeak ohartarazi du Amaiurrek ez duela taldea izango, nahiz eta Geroa Bairekin ituna lortu.

"Nafarroako diputatuak [Sabino Cuadra] ez zuen egin karguaren zina, eta beraz, ez da posible izango. Gainera, ez dago denborarik, taldeak osatzeko epea astelehenean amaituko da, eta jada ezingo du karguaren zina egin, saio batean egin behar baita", esan du, Cope irrati-katean egindako elkarrizketa batean.

Villalobosek gogor kritikatu du PSOEren jarrera, eta Mahaiaren bozketan abstenitu izana "heldutasun eza" izan dela iritzi dio.

Jesus Posada Kongresuko presidentearen hitzetan, Amaiurri betoa jartzeko "pisua" duen txosten bat izan dute oinarri, eta ukatu egin du aldez aurretik egindako beste txostenen batek Amaiurren argudioak babestea.

Juan Carlos I.a erregearekin batzartu eta gero, Posada prentsaurrekoan agertu da, baina ez du hitz egin nahi izan Amaiurren helegiteaz eta Geroa Bairekin egin lezakeen akordioaz.

Lehendakariak uste du "erabaki traketsa" dela taldea ukatzea

Patxi Lopez lehendakariak ere hartu du hizpide gai hau, eta Amaiurri talde parlamentarioa ukatzea erabaki "traketsa" izan dela agertu du, koalizio abertzaleak paper biktimista hartzea errazten duelakoan.

Lopezek Eusko Legebiltzarrean egin ditu adierazpenok, Gorka Maneiro UPyDko parlamentarioaren galdera bati erantzunda.

Horrela, Lopezek esan du euskal gizartearen zati batek Amaiurren esku utzi duela bere ordezkaritza, eta ezin dela errealitatate horri "uneoro erasotzen egotea".

Gobernuburuaren ustez, ETAk indarkeria amaitu duen honetan, egoera berria onartzeko garaia da: "ona da hainbat urtez demokraziatik kanpo izan direnak demokrazian barneratzea".

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea