Politika -
Elkarrizketa Radio Euskadin
Ares: 'Hutsegite politikoa da Amaiurri talde propioa izaten ez uztea'
Halaber, Herrizaingo sailburuaren aburuz, Gernikako Akordioaren zenbait sinatzaile lotsagorritu egin beharko lirateke, "biktimen gaineko agiri anbiguoa" dela eta.
Erredakzioa
Amaiurren auzian bat egin dute Rodolfo Ares Eusko Jaurlaritzako Herrizaingo sailburuak eta Patxi Lopez lehendakariak. Aresen hitzetan, "hutsegite politiko bat izan da Amaiurri Kongresuan talde propio izaten ez uztea, biktimarena egiten jarraitzeko aukera emango dielako". "Legediaren interpretazio malgu bat eginez, litekeena da hura konpontzea, aurreko aldietan jazo den bezala", azaldu du.
"Guk ez dugu nahi ezker abertzaleari biktimarena egiten jarraitzeko aukerarik eman, bere erantzunkizuna hartu dezala nahi dugu eta politikan aritzeko onartu beharreko arauak onar ditzala", azpimarratu du Aresek Radio Euskadin eskainitako elkarrizketa batean.
Asteburu honetan Gernikako Akordioaren sinatzaileek egin duten deklarazioari buruz, lotsagorritu egin beharko liratekeela uste du sailburuak, "biktimen gaineko agiri anbiguoa" dela eta. Halaber, "onartezinak diren justifikazioetan ez izkutatzeko" eskatu dio ezker abertzaleari.
Gainera, "egindako mina aitortzea eta erantzunkizuna bere gain hartzea" exijitu dio ezker abertzaleari, "luzaroan ETA babestu dutelako". "Onartezina da ezker abertzaleko kideak behatzailearen papera hartzea haiek terrorismoa babestu zutelako eta Euskadin hainbeste mina eta biktima eragin zituen sufrimenduaren estrategiaren sozializazioari elkartasuna erakutsi ziotelako", nabarmendu du.
Aresen iritzian, "ezker abertzaleak nahi dituen erabakiak har dezala baina horietako asko oso berandu iritsi dira".
San Tomaserako greba eguna
Bestalde, San Tomas egunerako deituta dagoen greba bertan behera uztea eskatu die Rodolfo Aresek Metro Bilbaoko sindikatuei. "Bestela, langileen interesekin zerikusirik ez duten aldarrikapenak mantentzeko eta txantaia egiteko herritarrak erabili nahi dituztela utziko dute agerian", azpimarratu du Aresek.
Sailburuak baieztatu duenez, Eusko Jaurlaritza "neurri guztiak hartzeko prest dago, herritarrentzako zerbitzu minimoak bermatu ditzan".