Publizitatea
Itxi

2021/04/15

08:31

Politika

KORONABIRUSA

Eusko Legebiltzarrak aerosolen esposizioa kontrolatzeko neurriak sustatzeko eskatu du

EITB MEDIA

Talde guztien babesarekin onartutako zuzenketak espazio itxietan aireztapena bultzatzeko eskatu dio lehendakariari, covid-19aren kutsadurak saihesteko prebentzio-neurri gisa.

  • Eusko Legebiltzarra

    Eusko Legebiltzarra. Foto: Eusko Legebiltzarra

  • Whatsapp
  • Whatsapp
  • Telegram
  • Bidali

Eusko Legebiltzarrak aho batez eskatu dio Eusko Jaurlaritzari aerosolen esposizio-indizeak kontrolatzeko hainbat neurri erabiltzeko espazio itxietan, aireztapena egokia den egiaztatzeko, covid-19aren kutsadura saihesteko helburuarekin.

Ekimena Legebiltzarreko Osasun Batzordean talde guztien babesarekin onartutako zuzenketa batean jaso da, Elkarrekin Podemos-IUk proposatuta. Iñigo Urkulluren Exekutiboari aireztapena bultzatzeko eskatu diote, espazio itxietarako prebentzio-neurri gisa.

Leku publiko zein pribatu horietan (gida eta gomendio bidez) aerosolekiko esposizio-maila kontrolatzeko hainbat neurri sustatzeko eta bultzatzeko eskatu du Ganberak, besteak beste, CO2ren kontzentrazio neurtzeko metodo zuzena eta pertsona bakoitzeko kanpoko aire-emariaren zeharkako metodoa.

Halaber, besteak beste, CO2aren maila neurtzeko gailuak sustatzeko eskatu du, gomendatutako mailak gainditutakoan airearen kalitatea berreskuratzeko beharrezko neurriak abian jartzeko balio dezaten, eta leku horietan aerosolekiko esposizioa handitu dela atzematen denean airearen kalitatea berreskuratzeko balizko aukeren berri emateko.

Elkarrekin Podemos-IU alderdiko Jon Hernandezek deitoratu egin du klimatizazio sistemetan iragazkiak jartzeko berehalako neurriak onartu ez izana, legez besteko proposamenean eskatzen zuen bezala, baina azpimarratu du "egoeraren larritasuna ikusita" nahiago izan duela transakzio bat sinatzea.

Hernandezen ustez, beharrezkoa da eskura dagoen ezagutza aprobetxatzea aerosolak "arnastuta kutsatzeko arriskua murrizteko" neurriak ezartzeko; izan ere, egiten bada, "onurak izugarriak izango dira" ospitaleko presioa murrizteko eta jarduera ekonomikoa berreskuratzeko.

Itxaso Berrojalbiz EAJko legebiltzarkideak gogorarazi duenez, onartutako gomendioak Eusko Jaurlaritzaren hainbat dokumentutan jasotzen dira, eta, garrantzitsua den arren, aireztapenak ez ditu ordezkatzen maskara behar bezala erabili, edukiera murriztua errespetatu eta segurtasun-distantziak zaindu beharra.

Rebeka Ubera EH Bilduko legebiltzarkidearen arabera, aire iragazkien edo araztegien bidez aerosolekiko esposizioa kontrolatzea oso neurri garrantzitsua da, eta, "tamalez", erakundeek "ez dute horretan fokua jarri".

Ekain Rico sozialistak ikertzen jarraitzearen eta segurtasuna areagotzeko eta kutsatzeak saihesteko neurriak hartzearen aldeko apustua egin du. Hala ere, Elkarrekin Podemos-IU alderdiak "gaizki erabilitako" proposamenek "segurtasun sentsazio faltsua" sortu dezaketela ohartarazi du.

Azkenik, Muriel Larreak (PP+Cs) akordioaren garrantzia azpimarratu du, herritarrei erakusteko alderdiak "bat eginda" daudela "birusari aurre egiteko".

  • Bisitatuena

      Kargatzen ikusiena
      Kargatzen ikusiena