Politika -

Gernikako Estatutua

Zer ondorio ditu Eusko Jaurlaritzak espetxeen eskumena bere gain hartzeak?

Zaballa, Martutene eta Basauriko kartzelak Euskadiri eskualdatuko zaizkio. Hala ere, Zubietako espetxea eraikitzen dutenean, Jaurlaritzak Martutene itzuliko dio Espainiako Gobernuari.

Zaballako (Araba) espetxea. EiTB Mediako bideo batetik ateratako irudia.
Zaballako (Araba) espetxea. EiTB Mediako bideo batetik ateratako irudia.
Zaballako (Araba) espetxea. EiTB Mediako bideo batetik ateratako irudia.

Eriz Lotina | EiTB Media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Lau hamarkada baino gehiagoz Espainiako Barne Ministerioa eta Espetxe Erakundeetako Idazkaritza izan dira Euskadin dauden hiru espetxeen arduradun. Behin eskualdatzea sinatuta, lekukoa Eusko Jaurlaritzari edo bere Justizia Sailean diseinatu daitekeen erakundeari pasatuko diote. Eskualdatzea hurrengo urriaren 1etik aurrera gauzatuko da.

Eusko Jaurlaritzak bere gain hartuko du espetxe zerbitzu publikoa emateko baliabide materialen sare oso bat. Egun 1.300 preso inguru daude Zaballa (Araba), Martutene (Gipuzkoa) eta Basauriko (Bizkaia) kartzeletan, eta horietatik 100 inguru emakumeak dira.

Aipatutako hiru espetxeak Euskadiri eskualdatuko zaizkio eta Jaurlaritzarenak izango dira, lehen Estatuarenak ziren baldintza juridiko berdinetan.

Hala ere, Zubietako espetxea eraikitzen dutenean, Eusko Jaurlaritzak Martutene itzuliko dio Espainiako Gobernuari eta espetxe berriaren titulartasuna bere gain hartuko du.

Espainiako Gobernuak martxoan esleitu zituen espetxea eraikitzeko lanak, 39 milioi euro inguruko aurrekontuarekin. 22 hilabetetan gauzatu beharko da eta, beraz, aurreikuspenak beteko badira, 2023ko udaberrian amaituta behar luke.

Transferentziak Langraiz Okako kartzela zaharra ere hartzen du barne. Espainiako Espetxe Erakundeak itxi zuen eta jada ez dago presorik bertan, duela gutxira arte bere pabiloietako batzuk espetxeetako funtzionarioei ostatu emateko erabiltzen baziren ere. Gaur gaurkoz espetxea ez da zerbitzu publikotik kendu.

Langileei dagokienez, hiru zentroetan lan egiten dutenak 700 inguru dira, ez dira zenbaki horretara iristen. Gehienak espetxeetako funtzionarioak dira eta gainerakoak lan kontratupeko langileak. Eusko Jaurlaritzak Euskadiko Funtzio Publikoan sartuko ditu, bere gain hartuko ditu nominak eta transferentzia egin arte eskuratutako eskubideak errespetatu egingo dira.

Transferentziaren balorazio ekonomikoa 70 milioi eurokoa da eta zenbateko hori kupotik deskontatuko da eta aurrekontuetara eramango da bere gain hartutako funtzio eta zerbitzu guztiak finantzatu ahal izateko.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Politika Bizkaia Gipuzkoa Araba Euskal Autonomia Erkidegoa Espainiako Gobernua Presoak Eguneko albisteak Albisteak EAEko Autonomia Estatutua Espetxeak