Politika -

II. Errepublikaren urteurrena

Ezker Anitza-IUk et EPK-k III. Errepublika eraikitzera deitu dute Eibarren

"Monarkiak ez du zilegitasunik, ez bakarrik jatorriagatik, baizik eta botere ekonomiko, politiko eta mediatikoen arteko loturan egiturazko papera izan duelako eta ustelkeriagatik", salatu dute.

Ezker Anitza-IU eta PCE-EPKren ekitaldia Eibarren (Gipuzkoa). Irudia: EiTB Media.
Ezker Anitza-IU eta PCE-EPKren ekitaldia Eibarren (Gipuzkoa). Irudia: EiTB Media.
Ezker Anitza-IU eta PCE-EPKren ekitaldia Eibarren (Gipuzkoa). Irudia: EiTB Media.

EITB Media | Agentziak

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

"Errebublikanismoaren eraikuntza kolektiboarekin bat egitea" eskatu die Isabel Salud Ezker Anitza-IUko koordinatzaileak herritar demokratei eta aurrerakoiei.

Ezker Anitza-IUk eta PCE-EPK-k II. Errepublikaren 90. urteurrena ospatu dute igande honetan, Eibarren (Gipuzkoa). Ohorezko aurresku bat dantzatu, manifestu bat irakurri eta hiru koloreko bandera altxatu dute.

Jon Hernandez PCE-EPK-ko idazkari eta legebiltzarkideak ere hitza hartu du ekitaldian, eta Ezker Anitza-IUko buruzagiak udaletxean duela 90 urteko apirilaren 14an Errepublikaren bandera jaso zuten eibartarrak txalotu ditu.

Ondoren, II. Errepublikara eraman zuen prozesu historikoa gogora ekarri du Saludek, manifestua irakurrita. "Demokrazian oso balio handiko aurrerapausoa" izan zen, azpimarratu duenez. Hala ere, errepublikaren alde borroka egin zutenen "aitortza" burutu barik dagoela gogorarazi du.

Gainera, "errepublikaz hitz egitea demokrazia, justizia eta askatasunaz hitz egitea da", defendatu du. Saluden esanetan, herri eredua "parte hartzearekin eraiki behar da", errepublika "gehiengoaren herri proiektu bat" delako.

"Oligarkak gizarte horretarantz aurrerapausoak ematearen beldur ziren, horregatik moztu zuten Bigarren Errepublika"

Saludek salatu duenez, "monarkiak ez du zilegitasunik, ez bakarrik jatorriagatik, baizik eta botere ekonomiko, politiko eta mediatikoen arteko loturan egiturazko papera izan duelako eta ustelkeriarekin lotura izan duelako". Horren aurrean, "errepublikanismoaren eraikuntza kolektiboarekin" bat egiteko eskatu die herritar "demokratei eta aurrerakoiei", "herrialde bidezkoago eta demokratikoago" bat lortzeko.

"Balio errepublikarrak etorkizuneko apustu" gisa aldarrikatu ditu; izan ere, "eskuin tradizionalaren babespean ultraeskuina erakundeetara heldu den honetan, iragan antidemokratiko batera modu arriskutsuan atzera garamatzate".

Bestalde, Hernandezek nabarmendu duenez, "monarkia ustela sistema bidegabe bat eusten duen gotorlekua da". Horregatik, "III. Errepublikaren alde borrokan" jarraituko dutela ziurtatu du, "etorkizuna delako", baina "bigarrenak suposatu zuena ahaztu gabe".

Zentzu horretan, "beldurra bandoz aldatu zen lehen une historikoa izan zen, eta bakarra, eta hain zuzen ere, horregatik altxatu ziren Errepublikaren aurka botere militarrak eta armadak babestutako oligarkiak, faxismoaren bultzadarekin", gogorarazi du.

"Oligarkak gizarte horretarantz aurrerapausoak ematearen beldur ziren, horregatik moztu zuten Bigarren Errepublika". "Hirugarrenaren alde borroka egingo dugu, baina milaka pertsonak etorkizuneko hazia erein eta bigarrenaren alde bizia eman zutela ahaztu barik", errepikatu du.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Politika Juan Carlos I.a IU Eibar Espainiako Felipe VI.a Espainia Eguneko albisteak Albisteak Ezker Anitza