Politika -

Gobernu berria

Rajoyk Gobernuaren osaera azalduko du karguaren zina egin ostean

PPren buruak 11:00etan egingo du presidente karguaren zina Zarzuela Jauregian eta arratsaldean emango du alboan izango dituen ministroen eta presidenteordeen izenen berri.

Mariano Rajoy, Espainiako presidente berria. Argazkia: EFE.
Mariano Rajoy Espainiako presidente aukeratu dute

01:32

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Mariano Rajoy PPren buruak gaur emango ditu Gobernuko ministro berrien izenak, erregearen aurrean presidente karguaren zina egin ondoren.

Goizeko hamaiketan iritsiko da Rajoy Zarzuela Jauregira kargu berriaren zina egitera eta, 45 minutu geroago, Rajoy lehenengo aldiz agertuko da Moncloan Gobernuko presidente gisa.

Horixe jakinarazi du Komunikazioaren Estatu Idazkariak Jose Luis Rodriguez Zapateroren ondorengoari buruz zabaldu duen lehenengo mezuan.

Gobernuko presidentearen etxean emango ditu Rajoyk lehenengo orduak kargu berrian, izan ere, han lotu behar omen du Gobernu berria eta ministro berriekin hitz egin.

Era berean, Espainiako erregeari jakinaraziko dio Gobernu berriaren osaera eta gero prentsaurrekoa emango du ministroen eta presidenteordeen izenak azaltzeko.

Rajoy atzo izendatu zuten presidente bere alderdiko, UPNko eta FACeko diputatuen babesarekin; Amaiurren eta EAJren abstentzioarekin eta PSOE, Geroa Bai, CiU, UPyD, IU, BNG, ICV-EUiA, Cha, ERC eta Compromisen kontrako botoekin.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea