Politika -

Mehatxua

Odolez zikindutako labana bat jaso du gutun batean Reyes Maroto ministro espainiarrak

Poliziak dagoeneko identifikatu du mehatxuaren ustezko egilea, El Escorialeko gizon bat, dirudienez arazo psikiatrikoak dituena eta gutunean bere benetako izen-abizenak eta helbidea jarri dituena.

Reyes Maroto ministroa, Bilbon. Argazkia: Efe
Reyes Maroto ministroa, Bilbon. Argazkia: Efe
Reyes Maroto ministroa, Bilbon. Argazkia: Efe

agentziak | eitb media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Reyes Maroto Espainiako Industria, Merkataritza eta Turismo ministroak "odolez zikindutako labana bat jaso du mehatxu gisa" gutun batean, Ministerioko iturriek jakinarazi dutenez. Barne Ministerioak, bere aldetik, ikerketa abiatu du. Poliziak dagoeneko identifikatu du mehatxuaren ustezko egilea, El Escorialeko gizon bat, dirudienez arazo psikiatrikoak dituena eta gutun-azalean bere benetako izen-abizenak eta helbidea jarri dituena.

Madrilgo Castillo plazako 13. Instrukzio Auzitegiak hartu du bere gain gertakariaren ikerketa. Bien bitartean, Polizia Zientifikoa aztertzen ari da gutun honen eta Pablo Iglesiasek, Fernando Grande-Marlaskak eta Maria Gamezek balekin jasotakoen artean.

Oraingoz, polizia iturriek baieztatu dute lehenengo hiruen egilea pertsona bakar bat dela, eta orain Marotorena ere horrek bidali duen argitzen ari direla.

Ministerioaren helbidera bidali dute gaurko gutuna, ministroaren izenean, eta idazkaria izan da aurkitu duena. Labana CD artean omen zegoen ezkutatuta, gutun-azal marroi batean.

Polizia-iturrien esanetan, El Escorialetik (Madril) bidali zuten gutuna hilaren 21ean, eta 23an segurtasun kontrola gainditu zuen, paketean bertan agertzen denez: "Segurtasuna, X Izpi gailuekin aztertua".

Adriana Lastra PSOEren idazkari nagusiordeak eman du gertakariaren berri Ferrazen egindako ekitaldi batean, eta "gorroto delitu ororen aurretik gorroto diskurtsoa" dagoela azpimarratu du, Voxi erreferentzia eginez.

Ekitaldi horretan bertan, Angel Gabilondo Madrilgo Erkidegoko hautagai sozialistak ere gogor gaitzetsi du mehatxua, eta ministroari esan dio ez dagoela "bakarrik", haiek ere "mehatxupean" daudela "gure bizitzetan eta bihotzetan".

Bestalde, Pablo Iglesias Unidas Podemosen hautagaiak, aurreko astean antzeko gutun bat jaso zuenak, elkartasuna helarazi dio Reyes Marotori. "Mehatxu faxista gehiago ez", adierazi du sare sozialetan.

Monica Garcia Mas Madriden hautagaiak galdetu du ea zenbat mehatxu gutun jaso behar diren Ayusok "eskuin muturraren gorroto politikarekin bat ez egiteko".

Pedro Sanchez Espainiako Gobernuko presidenteak "erabat" gaitzetsi du ministroak jaso duen "mehatxu larria", eta gorrotoari "aski da" esateko deia egin du.

Isabel Diaz Ayuso Madrilgo Erkidegoko presidente eta PPren hautagaiak ere "gaitzetsi" egin ditu "azken ekintza onartezinak", eta azpimarratu du "ordezkari publikoen aurkako mehatxuek" ez dutela "zentzurik askatasun herrialde batean".

Voxi dagokionez, Twitterren zabaldu du albistea, mezu honekin: "Mehatxu hau salatzen dugu, guztiak bezala. Auzian aurkeztuko gara. Indarkeria oro gaitzesteko eskatzen diegu alderdi guztiei".

"Goitik behera gaitzesten dugu, gure irmotasun demokratiko guztiarekin, Reyes Maroto Industria ministroari bidalitako mehatxu gutuna, eta gertutasuna eta elkartasuna helarazten diogu", adierazi du EAJk sare sozialetan.

Aurreko astean Fernando Grande-Marlaska Barne ministroak, Pablo Iglesias Unidas Podemosen hautagaiak, eta Maria Gamez Guardia Zibilaren zuzendari nagusiak barruan balak zituzten mehatxu gutunak jaso zituzten, eta Barne Ministerioak indartu egin ditu hirurak babesteko neurriak.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Politika EAJ-PNV PSOE PP Espainiako Gobernua Espainia Pablo Iglesias Pedro Sánchez Eguneko albisteak Albisteak Madril Vox