Politika -
Ministroen Kontseilua
Gobernuak gizarte eragileen arteko elkarrizketa etengabea nahi du
Mariano Rajoyren Gobernu berriak 'premiazko' erreformak onartzeko egutegia ezarri du; erreforma horietako batzuk datorren ostiraleko Ministroen Kontseiluan onartuko dituzte.
Erredakzioa
Soraya de Saenz de Santamaria Espainiako Gobernuko presidenteordearen hitzetan, Gobernuak patronalaren eta sindikatuen arteko elkarrizketa arina eta etengabea nahi du.
Ministroen Kontseiluko prentsaurrekoaren ostean, Saenz de Santamariak Gobernuak gizarte eragileekin izaten dituen bilera publikoen inguruan informazioa emango duela esan du.
Funtzionarioen soldaten inguruan, Saenz de Santamariak soldatak izoztuak jarraituko dutela esan du; izan ere, Estatuko Aurrekontu Orokorrak luzatuko dituzte.
Hala ere, Cristobal Montoro Ogasun eta Administrazio publikoko ministroa kontuak aztertzen ari dela eta horien arabera eguneratzea egingo duela azpimarratu du.
Dena den, gai horren inguruko xehetasun guztiak datorren ostiralean iragarriko dituztela esan du Saenz de Santamariak.
Bestalde, datorren ostiraleko Ministroen Kontseiluak erretiro pentsioen eguneratzea onartuko du, baina Saenz de Santamariak ez du kopuru hori zehaztu.
Lehen Ministroen Kontseiluak Estatuko 24 idazkaritzetako hiru laurden izendatu dituzte. Jorge Moragas Gobernuko presidentearen kabineteko burua izango da, eta Alvaro Nadal Moncloako Ekonomia Bulegoaren burua izango da. Era berean, Mariano Rajoyk Gobernuko Ekonomia presidenteordetza hartuko du bere gain.