Politika -

Elkarrizketa Radio Euskadin

Ortuzar: 'Anasagastik hanka sartu du barne hauteskundeak dudan jarriz'

EAJren kargudunak hautatzeko sistema "iluna" dela salatu zuen Anasagastik artikulu batean, eta Ortuzarrek "oso gardena eta parte-hartzailea" dela esanez erantzun dio.

Andoni Ortuzar, EAJren BBBko presidentea. Argazkia: EITB
Andoni Ortuzar, EAJren BBBko presidentea. Argazkia: EITB
Andoni Ortuzar, EAJren BBBko presidentea. Argazkia: EITB

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Andoni Ortuzar EAJren Bizkai Buru Batzarreko presidentearen ustez, Iñaki Anasagasti alderdiko senatariak "hondoraino sartu du hanka" artikulu batean EAJri zuzendaritza berritzeko batzarraren araudia dela eta "ilunkeria" eta "muturreko opakutasuna" egotzita.

Anasagastik EAJn "demokrazia gehiago eta hobea" eskatu zituen eta hautaketa sistema aldatu ezean alderdiak "gizartean bizirik dagoen sektore batekin konektatzeri" utziko ziola ohartarazi zuen, "gutxiri gustatzen baitzaizkie sekretuak eta argitasun nahikorik gabeko erakundeak".

Radio Euskadin egindako elkarrizketa batean, Andoni Ortuzarrek EAJko kargudunen hautaketa sistema "oso gardena eta parte-hartzailea" dela erantzun du eta ordezkariak militante guztiek proposa ditzaketela erantsi du.

"Prozesu horretan oinarrituta" Anasagasti 20 urtez baino gehiagoz “hautatu dute” karguak betetzeko, eta orduan "planteatu zezaken", aurpegiratu dio Ortuzarrek.

Halaber, alderdia “aldaketak eragin" dituen estatutuen "berraztertze ideologiko bat burutzen" ari dela esan du Ortuzarrek, EAJ garai berrietara egokitzeko, eta Anasagastik aldaketa horiek egiteko unea ez duela aprobetxatu azaldu du.

EAJren BBBko presidenteak azaldu duenez, urtarrilaren 15ean sortuko den zuzendaritza berriaren lehen egitekoetako bat alderdiaren oinarriari lehendakariaren inguruan proposamen bat egitea izango da eta, esan duenez, alderdiaren "bizefalia ez dago zalantzan"; izan ere, Batzar Nazionalean "berretsi berri da", azpimarratu duenez.

Lehendakari izateko hautagai EAJren 30.000 kideen artetik edonor izan daiteke eta, alderdia "hain irekia denez", nahikoa da "hiru Uriburu Batzarrek edozein izen ematea" bozkatu egin dezaten.

Halaber, EAJren kalkuluen arabera, datozen hauteskunde autonomikoak 2012ko urrira edo azarora aurreratuko direla adierazi du; izan ere, horrek "Exekutibo berriari hurrengo aurrekontuak" egiten lagunduko dio. Gainera, Patxi Lopezen egungo Jaurlaritza "arnasketa lagunduarekin" mantentzen dela azpimarratu du eta legealdi amaieraraino ez dela helduko ziurtatu du.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea