Politika -
EH Bildu
Otegik "autoritarismoaren gorakada gelditzeko gai" den ezkerraren alde egin du
"Bizitzea egokitu zaigun aroa definitzeko esaldi bat badago, hona gazteek asmatu zutena: 'Hau da dagoena'. Ezkortasun horren aurrean, ezkerrak 'hau da aldatu behar dena' esan behar du", adierazi du.
EiTB Media
"Gobernantza eredu autoritarioak eraiki nahi dituzte askatasunaren izenean. Orain neofaxistek iraultza erabat autoritario eta kontserbadorea martxan jarri nahi dute askatasunaren izenean", ohartarazi du Arnaldo Otegi EH Bilduko koordinatzaile nagusiak.
"Askatasun burgesaren izenean. Nik nahi dudan lekuan jan dezaket, nik maskara jantzi dezaket edo ez, nik garagardo bat edan dezaket edo ez. Hori da askatasun burgesa, indibiduala", erantsi du.
Horren aurrean, "ezkerrak askatasunaren beste zentzu bat berreskuratu behar du. Diruarekin bakarrik erosten den askatasuna ez da askatasuna, pribilegioa da", uste du Otegik.
Koalizioko buruzagiaren ahotan, "egoera hori ezkerreko proiektu alternatibo batekin baino ez da konpontzen. Hemen ez dago erdibidekorik. Mundua bi oinarriren gainean eraiki daiteke. Dirua oinarri hartuta, batzuek diru asko pilatzea dute helburu, Pepe Mugicak esango lukeen bezala; baina mundua eraikitzeko beste modu bat dago, jendea eta bere beharrak erdigunean jarriz".
Azpimarratu duenez, "bizitzea egokitu zaigun aroa definitzeko esaldi bat badago, hona gazteek asmatu zutena: 'Hau da dagoena'. Ezkortasun horren aurrean, ezkerrak 'hau da aldatu behar dena' esan behar du".
"Maiatzaren Lehena mundua beste era batera eraikitzeko aukera gogora ekartzera dator", gogorarazi du.
Otegiren hitzetan, "orain arte gizateriaren historian gertatu ez diren hiru aldaketa handi hautematen ditut. Lehenenik, aztarna ekologikoa planetako bizitza arriskuan jartzen ari dela. Ezkerra ez da gai hausnarketa horrekin batera dinamika "erradikal" bat egiteko; izan ere, aberastasuna eta kontsumitzeko modu hori bidegabea izateaz gain, planetako bizitza arriskuan jartzen ari da. Bigarrenik, orain arte munduko potentzia ekonomikoak potentzia militarrak ere bazirela. Litekeena da datozen urteetan Txina izatea potentzia hegemoniko ekonomikoa eta AEBak, berriz, potentzia hegemoniko militarra. Hori ez da inoiz gertatu". Hirugarrenik, "klase ertainak, bere burua hala definitu duenak, beti eraman du bere DNA politikoan eskailera sozialaren metafora, non belaunaldiz belaunaldi eskalatzen zen. Egungo sistema ekonomikoan, alabaina, 2008ko finantza krisiaren eta egungo krisiaren ondoren, klase ertain hori beherantz begiratzen hasi da, eta ez gora; proletarizazio prozesu batean dago", deitoratu du.
Amaitzeko, honakoa esan du: "Klase ertainak, herrialdeetako burgesia txikiak, beldur direnean, erradikalismorako joera naturala dute. Batzuetan erdiko klase horiek ezkerrerantz erradikalizatu dira, baina gehienetan eskuinerantz erradikalizatu dira".