Politika -
Polizia-operazioa
Poliziak 'kale borroka' taldea osatzea leporatzen die Iruñean atxilotutako 10 gazteei
Espainiako Poliziak 2020ko azaroaren 7an Arrotxapean izandako istiluak eragitea leporatzen die, besteak beste, GKSrekin lotzen dituen atxilotuei.
agentziak | eitb media
Espainiako Poliziak 10 pertsona atxilotu zituen aurreko astean 'kale borroka' talde bat osatzea egotzita, eta guztiak Gazte Koordinadora Sozialistaren (GKS) ingurukoak direla jakinarazi du polizia-txostenean.
Ikerketa duela urtebete inguru hasi zen ustez 'kale borroka' talde bat osatzen duten gazte batzuen jardueraren harira. Espainiako Poliziaren arabera, denbora luzez sabotajeak eta erasoak egin dituzte era antolatu eta koordinatu batean. Atxiloketak aurreko astean izan ziren arren, gaur eman du horien berri Espainiako Poliziak. Atxilotuak karguekin libre utzi zituzten epailearen aurretik igaro ostean.
Atxiloketekin batera hiru etxe miatu dituzte, eta horietan, polizia txostenean agertzen denez, lehergailuak eta molotov koktelak egiteko gidak, bost kohete, ukabil amerikar bat, bi defentsa luzagarri, GKSren propaganda eta material informatikoa atzeman zituzten.
Besteak beste, Espainiako Poliziak 2020ko azaroaren 7an Iruñeko Arrotxapea auzoan egindako erasoak leporatzen dizkiete. Hiriko Alde Zaharrean, GKSk antolatuta, manifestazioa egin ostean, ustez atxilotuetako batzuek koordinatuta, kaputxadunek ordena publikoaren aurkako erasoak egin omen zituzten, barrikadak altxatzen eta bertaratutako agenteen aurka oldartzen.
Espainiako Poliziak jakinarazi du taldearen erdigunea atxilotuetako lauk osatzen zutela, baina gazte gehiagorekin zutela lotura, eta horiek ere parte hartu zutela indarkeriazko ekintzetan.