Politika -
Gobernuaren balantzea
Garitano: 'Aldunditik ere, ezkerreko politika egiteko gai izan gara'
Gipuzkoako diputatu nagusia "pozik" agertu da agintean izan den sei hilabeteetan egindako lanarekin. "Beste indar politikoekin ados jarrita", politika egiteko "beste era bat badagoela" erakutsi du.
Erredakzioa
Espainiar eta frantziar Estatuek "Euskal Herriko gatazkaren konponbidea blokeatzen jarraitu" egiten dutela esan du gaur Martin Garitano Gipuzkoako diputatu nagusiak. Donostian egin duen agerraldian, Garitanok Bilduren kudeaketa eredua eta "ezberdinen arteko akordioak" defendatu ditu.
Gipuzkoako diputatu nagusia "pozik" agertu da agintean izan den sei hilabeteetan egindako lanarekin. "Beste indar politikoekin ados jarrita", politika egiteko "beste era bat badagoela" erakutsi du, bere hitzetan.
Azken sei hilabeteetan egindakoaren artean, zergen erreforma, bidesarien eztabaida, Aurrekontuak edota errauste planta aipatu ditu.
Bere hitzetan, lortutako zergen erreformari esker, Gipuzkoako herritarrek "fiskalitate justuagoa izango dute". 2012. urterako ekonomia aurreikuspenak "zailak" direla onartu du, baina zerga bilketan "ahalegin berezia egitearen alde" agertu da, "aurrekontu eskuzabalagoak izateko".
Garitanok esan du, erakundeetatik ere "ezkerreko politika egiteko gai" izan direla.
Euskal Herriak bizi duen egoeraz, Garitanok adierazi du "ulergaitza" dela "garai honetan" Espainiak eta Frantziak "gatazkari irtenbidea blokeatzen jarraitzea".
Kutxabank
Kutxabankeko Administrazio Kontseiluan "gehiengo absolutua" lortu nahi dutenen aurrean (EAJri zuzendutako mezua izan da), Garitano "jokoa gehiago banatzearen alde" agertu da.
Kutxabank (BBK, Vital eta Kutxak osatutako banku berria) datorren urtarrilak 2an hasiko da lanean. Aurretik, aste honetan bertan, Administrazio Kontseiluan alderdi politikoek izango duten ordezkaritza adostu beharko dute.
Gai honi buruz, Garitanok ez du xehetasunik eman nahi izan. Bere hitzetan, "negoziazioak" aurrera jarraituko du, eta datozen "48 ordutan" adostu beharko dute.