Politika -
Terrorismoaren aurkako borroka
Fernández Diaz: 'Kartzela-politikak ETA desagertzea ekarriko du'
Ministroaren ustez, kartzela-politikan legea zorrotz aplikatuko du, baita kartzelaldia arintzeko neurrietan aplikatu beharreko araudia ere.
Erredakzioa
Kartzela-politika ETA behin betiko desagertarazteko baliabide "oso indartsua eta baliagarria" dela adierazi du Jorge Fernandez Diaz Barne ministroak, eta baliabide hori "inteligentziaz" erabiltzeko asmoa agertu du.
Fernandez Diazek Onda Ceron egin ditu adierazpen horiek, Barne Ministerioak ETAko presoak Euskadira hurbilduko dituen ala ez galdetu diotenean. Hurbiltzea Barne Ministerioaren eskumena da.
ETAk hiltzeari uztea nahikoa ez dela eta behin betiko desagertzeko nahia agertu du ministroak, eta helburu hori lortzea izango da, Fernandezen hitzetan, terrorismoaren kontrako politikaren eta kartzela-politikaren erronka nagusia.
Legea zorrotz aplikatuko dute
Barne ministroak adierazi duenez, eta Rajoyk berak inbestidura saioan esan zuenez, Barne Ministerioak legea zorrotz aplikatuko du kartzela-politikari lotuta dauden gai guztietan, baita kartzelaldia arintzeko neurrietan aplikatu beharreko araudia ere.
Kartzelaldia arintzeko neurrien kasuan, eskaerak banan-banan egin beharko dira eta legeak aurreikusten dituen baldintza guztiak bete: egindakoaz damutzea, biktimei barkamena eskatzea eta egindako atentatuek sortutako kalteordainei aurre egitea.