Politika -

Presoak

Auzitegi Nazionalak baliorik gabe utzi du Urrutikoetxearen aurkako lau auzietako bat

Luis Maria Hergueta enpresariaren hilketa leporatzen zioten, baina Michelingo zuzendaria ETA politiko militarrak hil zuen, eta Urrutikoetxea inoiz ez da talde horretako kidea izan.

Josu Urrutikoetxea Parisko Auzitegian. Artxiboko argazkia: EFE
Josu Urrutikoetxea Parisko Auzitegian.
Josu Urrutikoetxea Parisko Auzitegian. Artxiboko argazkia: EFE

EITB MEDIA | AGENTZIAK

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Santiago Pedraz Auzitegi Nazionaleko epaileak baliorik gabe utzi du Josu Urrutikoetxea ETAko buruzagi historikoaren aurka irekitako lau auzietako bat.

Luis Maria Hergueta Michelin konpainiako zuzendariaren hilketa egotzita auzipetu zuten 2005ean. Hergueta 1980an hil zuten eta ekintza hura ETA politiko militarrak aldarrikatu zuen, baina Urrutikoetxea ez da inoiz talde horretako kidea izan.

Hala ebatzi du orain Pedraz epaileak, Urrutikoetxearen defentsak hasieratik argudiatu duena berretsita.

Urrutikoetxea Frantziako Sallanches udalerrian, Alpeetan, atxilotu zuten 2019ko maiatzaren 16an, 17 urte ihesean eman ostean. Gaixotasun larri bat dauka eta ospitalera zihoanean atzeman zuten.

Espainiako Auzitegi Nazionalak haren estradizioa eskatu zuen, lau auto ezberdinetan auzipetuta. 2006an ETAk Barajasko aireportuan egin zuen atentatuagatik egindako eskaria atzera bota zuen Frantziako Justiziak, eta orain Pedraz epaileak artxibatu egin du Herguetaren hilketagatik ireki ziotena.

Gauzak horrela, orain bi kasu ditu zabalik Espainian: ETAk Zaragozako Guardia Zibilaren kuartelaren aurka 1987an egindako erasoarena -11 pertsona hil ziren- eta herriko tabernen auziarena.  

Horrez gain, beste bi auzi ditu irekita Frantzian, ETAren bozeramaile izateagatik Espainiako Gobernuarekin egindako azkeneko bi negoziazio prozesuetan: 2005-2007 eta 2011-2013.  

2020ko uztailaz geroztik, Urrutikoetxea baldintzapeko askatasunean dago eta Parisen bizi da.

 

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Auzitegi Nazionala Politika Espainia Presoak Frantzia ETA Eguneko albisteak Albisteak