Politika -
ETBn elkarrizketatua
Urizarrek 'ardura' eskatuko dio PPri, 'ziklo bat ixtearren'
"Aldeetako batek bakarrik urratsak ematea" ezin daitekeela espero esango dio Basagoitiri EAko buruak.
Erredakzioa
Peio Urizar EAko idazkari nagusiak "arduraz" iharduteko eskatu dio PPri "ziklo bat behin betiko ixtearren", eta ezin daitekeela espero "aldeetako batek bakarrik urratsak ematea" gaineratu du.
ETBn elkarrizketatua, Antonio Basagoiti Euskadiko PPko presidenteari hausnarketa hori helaraziko diola azaldu du Urizarrek. Buruzagi politiko biak urtarrilaren 12an bilduko dira, eta "bakea osatzeko eta normalizazio politikoa lortzeko prozesu honetan eragile politiko guztiek ardura" dutela ohartaraziko dio EAko eledunak.
"Eragile aktiboek egiten zutena kritikatzen ibili direnen" aurkako kritikak azpimarratu ondoren, Alderdi Popularrak "ardura apur bat gehiago" duela gaur egun adierazi du, Gobernu zentralean egonda alderdi horrek "egoera honetan zeregin aktiboagoa edo arduratsuagoa" duela uste baitu Urizarrek.
Larunbateko manifestazioa
Presoen eskubideen alde larunbat honetarako deituta dagoen manifestazioaren inguruan, azken urteotan mobilizazioa "lupaz eta mikroskopioz ere" begiratzen ari direla gogorarazi du, "duela urte bi debekatu egin zutelako eta alderdiok izan ginelako berriro deitzeko erantzukizuna hartu genuenak".
Biktimak
Ezker abertzaleak ETAren biktimen aldeko omenaldiekin bat egiteko proposamenei buruz galdetuta, "urrats hori emango" dutela badakitela segurtatu du, "Bildu ildo horretan pausuak ematen ari" dela gaineratuta.