Politika -
Hitzarmena
Urkulluk eta Urtaranek Gasteiz EAEko hiriburua izateko hitzarmena berretsi dute
Eusko Jaurlaritzak 40 milioi euroko inbertsioa egingo du Gasteizen, 2021etik 2024ra.
EITB Media | Agentziak
Iñigo Urkullu lehendakariak eta Gorka Urtaran Gasteizko alkateak berretsi egin dute Gasteiz erakunde komunen egoitza izendatzeko lankidetza hitzarmena berritzea, jatorrizko hitzarmenak 41 urte bete dituen honetan.
Gasteizen zenbait inbertsio egin ahal izateko helburuarekin eta borondatearekin berritu du Jaurlaritzak hiriburutza kanona izenez ezagutzen dena. Hiriak hainbat gastu orokor eta inbertsio gastu dakartzaten jarduerak egin behar izaten ditu Eusko Jaurlaritzaren eta Eusko Legebiltzarraren egoitza delako, bai eta haiekin lotutako gainerako erakundeena ere, hala nola Ararteko, Kontuen Euskal Epaitegia eta Datuak Babesteko Euskal Bulegoa.
Sinatutako lankidetza-hitzarmenean jasotzen denari jarraiki, Eusko Jaurlaritzak guztira 40 milioi euro inbertituko ditu 2021etik 2024ra bitartean, 10 milioi euro urteko. Bi erakundeen arteko lankidetza hitzarmen honek 2013an eta 2017an sinatutakoak berrituko ditu. Partida ekonomiko hori hiriko azpiegiturak eta ekipamenduak hobetzeko inbertsioak egiteko erabiliko da, ekitaldian adierazi dutenez.