Politika -

Frantziako Asanblada

Urrutikoetxeak gatazkaren ondorioei heltzeko eskatu die Madrili eta Parisi

Era berean, adierazi du ezin dela "herri bat eraiki gorrotoan eta mendekuan oinarrituta", eta ezin direla "biktimak alderdikeriaz erabili".

Urrutikoetxea, artxiboko irudi batean. Argazkia: Efe
Urrutikoetxea, artxiboko irudi batean. Argazkia: Efe
Urrutikoetxea, artxiboko irudi batean. Argazkia: Efe

agentziak | eitb media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Josu Urrutikoetxea ETAko buruzagi ohiak gaur esan du Euskal Herriko "gatazkaren ondorioak" konponbidetik urrun daudela, eta horretarako nazioarteak eta gizarte zibilak Espainiako eta Frantziako gobernuei presioa egin behar diela.

Frantziako Asanblada Nazionaleko zenbait parlamentarik gaur antolatu duten hitzaldi sorta telematikoan hitz egin du Urrutikoetxeak, eta azpimarratu du ETAren aldebakarreko pausoekin (2011n indarkeria uztea eta 2018an desegitea), "gatazkaren ondorioak konpontzeko bide horren helmugara" iritsi zirela.

Konponbidea burura eramateko "biktima guztien errekonozimendua eta konponketa, presoekin, erbesteratuekin eta deportatuekin lotutako gaiak argitzea, eta gertakariak errepika ez daitezen baldintzak sortzea falta da", bere esanetan.

"Etsaiarekin bakeak egiteak, zoritxarrez, ez du esan nahi gatazkaren konponbidea erabatekoa denik", gaineratu du ETAko kide ohiak, 2019an, 17 urtez ezkutuan egon ostean, atxilotu eta 2020tik baldintzapeko askatasunean Parisen dagoenak.

Urrutikoetxearen ustez, "gatazkaren ondorio guztiak amaieratik urrun" daude, horretarako nazioartearen eskuhartzea eta gizarte zibilaren ekintzak behar direlako, "Espainiako eta Frantziako gobernuak onar dezaten gatazka gainditzen eta guztientzat justua eta iraunkorra izango den bakea ziurtatzea ahalbidetuko luketen gaiak jorratzea".

Era berean, esan du ezin dela "herri bat eraiki gorrotoan eta mendekuan oinarrituta", eta ezin direla "biktimak alderdikeriaz erabili".

Aitortu du "indarkeriaren zurrunbiloak" sufrimenduarekiko sentiberatasuna kendu ziela, eta ETAren amaiera "beranduegi" iritsi zela.

"Indarkeriak atzeraezinezko kaltea egin du eta biktimak utzi ditu bi aldeetan, eta behar-beharrezkoa da guztiok onartzea", azaldu du.

"Etsaiekin hitz egitea" izeneko mahai-inguruaren antolatzaile nagusia Sebastien Nadot diputatua izan da, Emmanuel Macronen alderdikide eta Asanblada Nazionaleko Atzerri Gaietarako batzordekoa.

Gatazka armatuak konpontzeko arazoak jorratu ditu Nadotek aspalditik, eta adierazi du "zalantzarik gabe" gaitzesten duela "edozein borroka politiko armatu", baina gaur egun babesgabetasun egoeran daudela negoziazioetan aritzen diren pertsonak.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Politika Paris Espainiako Gobernua Presoak Frantzia ETA Eguneko albisteak Albisteak Madril Frantziako Gobernua