Politika -

PSOEren Batzorde Federala

Zapaterok eztabaida 'eredugarria' egiteko eskatu die hautagaiei

Alfredo Perez Rubalkabak 58 abal aurkeztu ditu, tartean Patxi Lopez lehendakariarena; eta Carme Chaconek, aldiz, 25-30 artean, aurre-hautagaia izateko nahikoak.

Zapaterok eztrabaida garbia nahi du Rubalcaba eta Chacon artean. Argazkia: Efe.
Zapaterok eztrabaida garbia nahi du Rubalcaba eta Chacon artean. Argazkia: Efe.

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Jose Luis Rodriguez Zapatero PSOEko idazkari nagusia eztabaida "eredugarria" egiteko eskatu die Alfredo Perez Rubalcaba eta Carme Chacon hautagaiei. Zapaterok azken aldiz hitz egin du sozialisten Batzorde Federalean. Horrez gain, alderdiaren 38. Kongresuan "autokritika" eta "konfiantza" uztartzeko ahalegina egitea eskatu die.

Gobernuko presidente ohiaren hitzetan, alderdikideek kontuan izan beharko dute PSOEk Espainiaren alde egindako lana, eta egungo krisi egoeran, kongresua "espainiar gizartearen zerbitzura" egin behar dela azpimarratu du, "isolatu" gabe eta herriak bizi duen egoera oso zaila dela ahaztu barik.

Zapaterok hitzaldi laburra egin du, ez da ordu laurdenera iritsi, baina, bere esanetan, "derrigorrezkoa" zuen hitz egitea alderdiaren organo gorenaren aurrean sozialisten lider bezala arituko den azken aldia izan baita. Ondorioz, Batzorde federalari agur esateko aprobetxatu du eta militanteen "estimua eta konfiantza" sentitzen duela gaineratu du.

"Egindako okerrak barkatzea"

"Eskerrak eman nahi dizkizuet, azken zortzi urteetan egindako kudeaketari babesa eman diozuelako, eta egindako okerrak barkatzen jakin duzuelako", esan die alderdikideei. Jarraian, bere ahotik "adiskidantzazko hitzak baino ez dituztela entzungo esan die eta beti guztien "laguna" izango dela.

Rubalcaba, Chaconen bikoitza

Alfredo Perez Rubalcaba Gobernuko presidenteorde ohiak 58 abal aurkeztu ditu PSOEko idazkaritza nagusirako "aurre-hautagaia" izateko. Horien artean Patxi Lopez lehendakariarena. Carme Chacon areriorak, aldiz, gutxienezkoak batu ditu, 25.

Rubalcabaren hautagaitzaren alde egin dutenen artean, hiru idazkari nagusi daude: Patxi Lopez (Euskadi), Javier Fernandez (Asturias) eta Dolores Gorostiaga (Kantabria). Ramon Jauregui eta Trinidad Jiménez ministro ohiak ere, Rubalcabaren alde agertu dira.

Carme Chaconek, aldiz, gutxieneko abalak aurkeztu ditu, 25 eta 30 artean, bere hautagaitzaren iturrien arabera. Ministra ohia ez da izen esanguratsuen babesaren bila ibili, lurralde ezberdinetakoak biltzea izan da bere helburu nagusia.

Chaconek ez ditu bere alde daudenen izenak aditzera eman baina batzuk publikoki agertu diote babesa: Jose Maria Barreda Gaztela Mantxako presidente ohia, Pedro Zerolo Madrileko zinegotzia, Teresa Cunillera Kongresuko Mahaiko idazkaria, Juan Antonio Barrio Ezker Sozialistako bozeramailea eta Carmen Maron galiziako diputatu ohia.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea