Politika -

Erasoa

Atxilotu bat Gasteizen, Arabako PPko agintari bat eta beste hiru kide erasotzeagatik

Biktimetako bat Iñaki Garcia Calvo da, Arabako PPren komunikazio idazkariordea bera, alderdi popularrak ohar batean salatu duenez.

Iñaki Garcia Calvo PPko Gasteizko zinegotzi ohia. EiTBren bideo batetik ateratako irudia
Iñaki Garcia Calvo PPko Gasteizko zinegotzi ohia
Iñaki Garcia Calvo PPko Gasteizko zinegotzi ohia. EiTBren bideo batetik ateratako irudia

EITB Media | Agentziak

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

23 urteko gazte bat atxilotu dute Arabako PPren agintari bat eta beste hiru kide erasotzeagatik. Buruzagiak azaldu duenez, Alde Zaharreko terraza batean zeuden, gazte bat gerturatu eta PPkoa ote zen galdetu ostean, jo egin zituenean.

Garciak berak salatu duenez, 20:30ean jazo zen erasoa. Aiztogile kaleko terraza batean zegoen agintaria, beste hainbat kiderekin, ezezagun batzuk gerturatu zirenean. "'PPkoa al zara?' galdetu zidaten, eta zuzenean bertatik joan beharra nuela esan zidaten, ezin nuela bertan egon, eta garagardo bat eta kalimotxo bat bota zidaten. Gero, mahaitik altxatzean, zaplazteko bat eman zidan batek", azaldu du PPren komunikazio idazkariordeak.

Gero, Garciaren testigantzaren arabera, beste bi lagunak eraso zituzten eta laugarren batek bekaina ireki zion kolpea jaso zuen.

Segurtasun Sailak azaldu duenez, beste sei gizonek hartu zuten parte erasoan, eta lau biktimek osasun arreta behar izan zuten. Horietako bat anbulantzian eraman zuten ospitalera, aurpegia odoletan zuelako.

Arabako PPko komunikazio idazkariordeak gaur jarri du salaketa Ertzaintzan, dagokion lesio partearekin. Dagoeneko Ertzaintzak ustez erasoan inplikatutako gazte bat atxilotu du, eta"arrazoi ideologikoak" tarteko izandako liskarraren inguruko ikerketa zabalik dago oraindik.

Carlos Iturgaizek, Euskadiko PPren presidenteak, Twitterren salatu du gertatutakoa, erasotzaileak "piztia erradikalak"direla esanez. Gainera, Ertzaintzaren lana goraipatu du, baita EH Bilduri gaitzespena adierazteko eskatu ere. Azkenik, Euskal Herrian oraindik "ETAren aldekoen ghettoak eta askatasun falta" dagoela esan du.

Iñaki Oyarzabalek, PPren buruzagi arabarrak, bere aldetik, jakinarazi du "euskal gazteriaren artean gorrotoa eta sektarismoa sustatzen" jarraitzen dela, abertzaleak ez direnak "ikaratzeko".

"Ez dute lortuko. Egun PPrekin identifikatzen diren gazte ausartak guztion askatasuna eta gizarte honen aniztasuna defendatzen ari dira", esan du Oyarzabalek, "indarkeria gaitzesten ez duen ezker erradikala zuritzea" akats larria dela gehituz.

Alderdi politikoen gaitzespena

Iñigo Urkullu lehendakaria Carlos Iturgaizi zuzendu zaio, Gasteizen PPren agintari arabarrari eta beste hiru kideei egindako erasoa gaitzesten duela azalduz eta elkartasuna adieraziz.

"Euskadiko Alderdi Popularraren presidentea den Carlos Iturgaizi elkartasuna helarazi diot, atzo Gasteizen alderdi politiko horretako hiru kidek jasan zuten erasoagatik", idatzi du Urkulluk bere sare sozialetan.

EAJk ere, bere Twitter kontu ofizialean, "elkartasuna eta gertutasuna" adierazi die erasoaren biktimei, eta Alderdi Popularreko kideei "besarkada handi bat" bidali die.

Felix Gonzalez Gasteizko EH Bilduren bozeramaileak erasoa errefusatu du, eta lau biktimei koalizioaren elkartasuna adierazi die Twitter sare sozialean.

Miren Gorrotxategi Elkarrekin Podemos-IUko bozeramailea "ideiak eztabaidatu eta alderatzeko" beti prest agertu da, baina "horiengatik norbait eraso egitea ez du sekula onartuko". Garcia Calvori eta PPko kideei besarkada bat bidali die Elkarrekin Podemos-IUko legebiltzarkideak.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Politika PP Herriak eta Hiriak Delituak Euskadiko PP Eguneko albisteak Gasteiz Albisteak