Politika -
Bilera
Jorge Fernandezek espetxe politika jorratuko du Aresekin, hilaren 24an
Eusko Jaurlaritzatik jakinarazi dutenez, Barne ministroaren eta Herrizaingo sailburuaren arteko bileraren data itxi dute. Espetxe politika eta bizkartzainen murrizketa aztertuko dituzte.
Erredakzioa
Jorge Fernandez Diaz Barne ministroa Euskadira etorriko da hilaren 24an, Rodolfo Ares Herrizaingo sailburuarekin biltzeko. Espetxe politika eta ETAren amaieraren nondik norakoak hartuko dituzte hizpide batzarrean.
Eusko Jaurlaritzatik jakinarazi dutenez, Barne ministroaren eta Herrizaingo sailburuaren arteko bileraren data itxi dute, eta baliteke egun horretan bertan Fernandez Patxi Lopez lehendakariarekin biltzea.
Bileran, ETAk mehatxatutako lagunei ezarritako bizkartzainen kopurua murriztu izana aztertuko dute, besteak beste.
Herrizaingo Sailak jakinarazi duenez, ETAko presoei ezarri beharreko espetxe politika ere izango dute mintzagai lehen bilera horretan.
Barne ministroak terrorismoaren aurkako politikaren harira iragarri duenez, ETAren aurka borroka egiteko tresna guztiek bere horretan jarraituko dute, “ETA bukarazi arte”.