Politika -

ELKARRIZKETA

"PPkoa zara? Baietz esan eta bi edari gainera bota eta zaplazteko bat eman zidaten"

Arabako PPko agintariaren ustez bere aurkako erasoaren atzean "gorroto delitua" egon daiteke. EH Bilduko Gasteizko zinegotziaren erreakzioarekin "minduta" dagoela onartu du.

Iñaki Garcia Calvo. EiTBren bideo batetik ateratako irudia
Iñaki Garcia Calvo
Iñaki Garcia Calvo. EiTBren bideo batetik ateratako irudia

EITB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Iñaki Garcia Calvo Gasteizko Udaleko PPren zinegotzi ohiak salatu duenez, larunbatean berari eta beste hiru laguni Gasteizko Aiztogile kalean egin zioten erasoaren atzean "arrazoi ideologikoak" daude. Radio Euskadiko "Boulevard" saioan gaur goizean egin dioten elkarrizketan azaldu duenez, beste askotan egin izan duen bezala Kutxi kalean zerbait hartzen ari zen ezezagun batzuk gerturatu zitzaizkionean: "PPkoa zara?". "Une horretan, zerbait esan, bi edari gainera bota eta zaplazteko bat eman zidaten". Gaineratu duenez, larunbatera arte "inoiz" ez zitzaion horrelakorik gertatu.

"Dato kalera joateko esan zidaten. Ziur beraiek hara joaten badira ez dituztela ni tratatu nauten bezala tratatuko", azpimarratu du. Garcia Calvoren ustez, balizko "gorroto delitua" eta "adierazpen askatasunaren aurkako delitua da". Arabako PPko Komunikazio idazkariordearen hitzetan, oraindik "askatasuna ez da gune guztietara iritsi". Hala ere, onartu du berak ez duela inoiz bizkartzainik behar izan. 

"Babes handia jaso dut eremu publikoan zein pribatuan", nabarmendu du. Bere ideiak partekatzen ez dituztenek ere gertatutakoa "astakeria" izan dela onartu omen diote. "Ez dut nahi nire pentsaerarekin enpatia izatea, baina argi izan behar dute horrelakoek ezin dutela lekurik izan eta are gutxiago hain gazteak direnen artean", gehitu du. Buruzagi popularrak iradoki duenez, erasotzaileak ezkertiarrak eta abertzaleak ziren. Garcia Calvok kontatu duenez, ezin zuela bertan egon eta alde egin behar zuela esan zioten.

Jasotako mezu horien artean, EH Bilduko Gasteizko bozeramailearena aipatu du. Garcia Calvoren iritziz, ez da nahikoa. "Bere txioan ez dakit erasotzaileei edo erasotuei zuzentzen zaien". Arlo pertsonalean "mina ematen dit", esan du Garcia Calvok. "Ezker abertzaleko jendea modu pribatuan zuzendu zait eta pozik nago, noski, ideologien gainetik pertsonak daudelako". Alderdi politiko guztietako lagunak dituela aitortu du eta indarkeria "inoiz" ez dagoela justifikatuta esanez amaitu du.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Berriak Politika Araba Euskadiko PP bideoak Albisteak Gaur Gasteiz Albisteak