Politika -
Elkarrizketa ETBn
Bizkaian ez da PFEZren igoerarik ezarriko, Bilbaoren esanetan
"Indarrean dagoen araudiari jarraituz, Espainiako Gobernuak erkidegoen aurrekontuak kontrolatzea bideraezina da", Bizkaiko ahaldun nagusiaren esanetan.
Erredakzioa
Jose Luis Bilbao Bizkaiko ahaldun nagusiak adierazi duenez, Bizkaian ez da Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergan igoerarik egingo.
ETBko "Egun on Euskadi" saioan egin elkarrizketan adierazi duenez, Rajoyren Gobernuak aurreikusitako zergen igoerak "Ebrotik beherako herritarrei eragingo die, Euskadin ez baita ezarriko". Hala, EAEn lurralde bakoitzeko Batzar Nagusietan onartutako arau fiskalak mantenduko direla azpimarratu du.
Bizkaiko Batzar Nagusietan laster zergen inguruan onartuko duten araua bideratzen ari direla azaldu du Bilbaok, eta, hain zuzen ere, arau horretan ez dela "Rajoyk iragarritako neurririk" jasotzen aurreratu du.
Bizkaiko ahaldun nagusiak halaber, Rajoyren Gobernuak "birzentralizazioa" nahi duela salatu du, hau da, autonomien estatuaren erreforma bultzatu nahi duela azpimarratu du.
Hala, Rajoyren Gobernuak erkidegoen aurrekontuen gainean egin nahi duen kontrola "indarrean dagoen araudiari jarraituz bideraezina da", horren hitzetan.
"Estatuko kontu publikoak ia behea jota daude, eta zenbatzea ausartzen ez diren defizita dute", adierazi du Bilbaok, horrexegatik Rajoyren Gobernuak gastu publikoa kontrolatzeko hainbat neurri aztertu behar izan dituela erantsi du.
Horien artean, De Guindos Ekonomia ministroak erkidegoen aurrekontuak kontrolatzeko iragarritako asmoaz mintzatu da. Bizkaiko ahaldun nagusiaren iritziz, neurri horrek "barra barra gastatu" dutenen kontuak kontrolatu nahi ditu eta "hori ez da EAEren kasua".
Halaber, egungo legediari jarraituz, "Espainiako Gobernuak erkidegoen aurrekontuen gainean egin nahi duen kontrola bideraezina da", azpimarratu du.