Politika -
Espetxe politika
Gobernuari ez, ETAri presioa egiteko esan dio PPk Patxi Lopezi
Espainian "ez dago preso politikorik", esan du PPren Kongresuko bozeramaileak eta Lopezek "legea zorrozki betetzea nahi izatea” espero duela adierazi du.
Erredakzioa
Patxi Lopezek "presioa ETArengan egin behar du, oraindik ez delako desagertu, eta ez Gobernuarengan", esan du Alfonso Alonso PPren Kongresuko bozeramaileak. Eztabaida "pozoituta" dagoela adierazi du, "talde terrorista oraindik bizirik dagoelako, nahiz eta ez duen ekintzarik egiten".
Patxi Lopezi erantzun nahi izan dio Alonsok, izan ere beste espetxe politika bat posible dela esan zuen lehendakariak.
Espainian "ez dago preso politikorik", esan du Alonsok eta Lopezek preso terroristekin "legea zorrozki betetzea nahi izatea" espero duela adierazi du. Zentzu honetan, PPren Kongresuko bozeramaileak esan du zuzenbidezko estatuan egonda ezin dela presoen inguruko erabaki kolektiborik hartu "bakarka erantzun behar zaie".
"Lopezek presioa ETAri egin behar dio, oraindik bizirik dagoelako eta desagertzen ez den heinean, mehatxua da", zehaztu du Alonsok.
Amaiurreko diputatuen inguruan galdetuta, "terrorismoa kondenatu gabe jarraitzen dute eta ETAren desegitea eskatu gabe", berretsi du Alonsok.