Politika -
Abiadura Handiko Trena
Hiru urteko zigorra AHTaren kontrako sei ekintzaileri
Ertzaintza manifestarien aurka oldartu zeneko istilu horietan hainbat zauritu eta zortzi atxilotu suertatu ziren.
Erredakzioa
Gasteizko epaitegi batek hiru urte eta lau hilabeteko zigorra ezarri die 2009ko urtarrilean Urbinan egin zen Abiadura Handiko Trenaren (AHT) aurkako manifestazioan atxilotutako 6 pertsonari.
Fiskaltzak 9 urteko kartzela zigorra eskatzen zuen, eta epaituen defentsak, berriz, aske geratzea, Pablo Ramírezen kasuan izan ezik, hori akordio batera iritsi baitzen Ministerio Publikoarekin.
Egun horretan gertatutako istiluetan, Ertzaintza manifestarien aurka oldartu zen, eta horren ondorioz hainbat zauritu eta zortzi atxilotu suertatu ziren. Atxilotuetako bik libre geratzea lortu zuten, horien kontrako salaketak artxibatzea lortuz.
Zigor ezberdinak atxilotuentzat
Sententzian argitzen den bezala, Ramirezi agente bati lesioak eragitea egotzi dio Elena Cabrero epaileak. Hori dela eta, urtebeteko kartzela zigorra eta 815 eta 180 euroko isunak ordaintzera behartu du.
Garraio publiko baten aurka egiten saiatu eta agenteei eraso eta burla egiteagatik, Julio Martín, Justo Arriola, Aitor Aizpuru eta Imanol Madariaga akusatuei, berriz, zazpi hilabeteko kartzela zigorra egotzi die. Seigarren akusatuari, Ekaitz Lotinari, 120 euroko isuna jarri dio, Poliziaren aurrean identifikatzeari uko egiteagatik desobedientzia hutsegite arin bat egotziz.
Akusatuen defentsan aritu den abokatu batek sententziaren aurkako errekurtsoa aurkeztuko dutela ziurtatu du.