Publizitatea
Itxi

2021/06/06

14:05

Politika

EGIARI ZOR

"Estatuaren indarkeriaren biktimak diskriminatzea" leporatu diote Bilboko Udalari

EITB MEDIA | AGENTZIAK

Poliziaren indarkeriaren biktimen eta senideen elkartetik salatu dutenez, Udalak ez die lokal bat utzi nahi izan Auzitegi Nazionalak baimendua zuen ekitaldi baterako. Sortuk ere oharra kaleratu du.

  • Egiari Zor taldeko kide bat Bilboko prentsaurrekoan, gaur.

    Egiari Zor taldeko kide bat Bilboko prentsaurrekoan, gaur.

  • Whatsapp
  • Whatsapp
  • Telegram
  • Bidali

Txabi Etxebarrieta ETAko kidearen inguruko ekitaldien antolatzaileak "benetako izurridunak" bezala tratatzea leporatu dio Egiari Zor fundazioak Bilboko Udalari. Horregatik, Udalak "hipokresia onartezina" azaldu duela uste dute. Poliziaren indarkeriaren biktimen eta senideen fundazioak salatu duenez, ekitaldiak bertan behera utzi behar izan dituzte, Udalak lokal bat erabiltzeko baimena atzera bota ondoren.

Ane Muguruzak, Josu Muguruza Herri Batasuneko diputatuaren (1989an Madrilen hil zuten) alabak, eta Etxebarrieta Memoria Elkarteko bozeramaile batek Bilbon prentsaurrekoan adierazi dutenez, erakundeen "babesik gabe" sentitzen dira. Era berean, "gatazkaren testuinguruan Estatuaren indarkeriaren biktimen eskubideak eta egia bilatzeko lana kriminalizatzeko saiakera" baten aurrean direla uste dute.

Etxebarrietaren inguruan hitzaldi bat eman behar zuten iragan ostiralean, baina Bilboko Udalak zentroa erabiltzeko baimena atzera bota zien. Auzitegi Nazionalak ekitaldia egiteko baimena eman zuen, nahiz eta Dignidad y Justiciak debekatzea eskatu.

Udalaren ezezkoaren aurrean, antolatzaileek solasaldia bertan behera utzi zuten, baita gaurko Bilbon deituta zuten ekitaldi publikoa eta Derioko hilerrian lore eskaintza ere.

Horren ordez, bi elkarteetako ordezkariek prentsaurrekoa eman dute Bilbon. Gasteizko "Memoria Zentro baztertzailea inauguratu duten aste berean, Estatuaren indarkeriaren biktimak kriminalizazio saiakera bat sufritzen dugu", salatu dute.

Etxebarrietaren heriotzaren inguruan "argia" eman nahi zuten, "bertsio kontraesankorrak daudelako". "Borroka versus exekuzioan", laburbildu daiteke. "Guardia Zibil frankistak bizitza eskubidea urratu zuen, eta Txabi Etxebarrieta eta Estatuko indarkeriaren gainerako biktimen aitortza ofiziala", eskatu nahi zuten, Muguruzak azaldu duenez.

Egiari Zorren "jazarpena" salatu du Sortuk

Egiari Zor "sufritzen ari den jazarpena" kritikatu du Sortuk agiri batean. Fundazioari, Etxebarrietaren senideei  eta "senitartekoen memorian negar egitea debekatzen dieten biktima guztiei" babesa adierazi die alderdi abertzaleak.

Gainera, "Espainiako Estatuaren ekimenez, memoria arloan gertakari larriak", kritikatu ditu Sortuk. Ohartarazi duenez, "biktima batzuek jazarpena sufritzen badute" eta "Estatuaren indarkeria zuritzen baldin bada, bizikidetza demokratikoa eraikitzea ezinezkoa da".

  • Bisitatuena

      Kargatzen ikusiena
      Kargatzen ikusiena
    ;