Politika -
Diputatuen Kongresua
Polemika berria Talde Mistoan
Talde Mistoko ordezkariek Kongresuak hitza hartzeko jarritako eragozpenak salatu dituzte. Taldea osatzen duten zortzi alderdietako hiru bozeramailek bakarrik hartu ahalko dute hitza osoko bilkuretan.
Erredakzioa
Talde Mistoa osatzen duten zortzi alderdietako bozeramaileek Diputatuen Kongresuak osoko bilkuran "hitza hartu ahal izateko jarritako eragozpenak" salatu dituzte. Atzoko osoko bilkuran Presidentziak hiru bozeramaileri bakarrik eman zien hitza.
Amaiurreko, ERCko eta BNGko bozeramaileek soilik hitz egin zuten asteazkenean Diputatuen Kongresuko osoko bilkuran, ordezkaritza handiena duten alderdietako bozeramaileek, alegia. Ondorengo saioetan ere, hiru bozeramailek egingo dute agerraldia, eta txandatuz joango dira.
Francisco Jorquera BNGko bozeramaileak hitza hartzeko aukerarik gabe geratu diren alderdiak milioi erdi herritarren ordezkari direla azpimarratu du, eta Ganberan "ahotsik gabe geratu direla" salatu du nahiz eta azaroaren 20ko hauteskundeetan herritarrek pluralagoa den Kongresua aukeratu. Sabino Cuadra Amaiurko bozeramaileak ere "adierazpen askatasunaren eta parte hartzearen urraketa" salatu ditu.
Urraketa hori, hain zuzen, Kongresuko Mahaiak Amaiurri talde propioa izatea eragotzitakoan hasi zela erantsi du Cuadrak.