Politika -
IV. Vistalegre
Zuzendaritza aldaketa Podemosen, Pablo Iglesias gabe berriz hazteko erronkarekin
Buruzagitza "erabat feminizatzeko" apustua suposatuko du Pablo Iglesiasen ondorengo lehen zuzendaritzak, baita lurralde egiturak sendotzeko ere.
EiTB Media | Agentziak
Asteburu honetan Podemosek garai aldaketa baieztatuko du, zuzendari berria aukeratuta. Ia seguru Ione Belarra Gizarte Eskubideen eta 2030 Agendako ministro nafarrak hartuko du Pablo Iglesiasen lekua. Hain zuzen ere, luzaroan irautea eta Iglesias gabe berriz haztea izango da erronka nagusia.
Madrilgo hauteskundeen ondoren, maiatzaren 4an kargu guztiak utzi ostean, Iglesias agertoki politikotik eta sare sozialetatik desagertu da.
IV. Vistalegrek, Podemosen Herri Batzarrak, Iglesiasen ordezkoa formalki izendatuko du igandean. Inork ez du zalantzan jartzen Belarra izango dela ardura hori bere gain hartuko duena. "Hazi" lelopean, hautagaitza osatu du Belarrak, Podemoseko hainbat emakume esanguratsurekin batera.
Horrela, besteak beste, Irene Montero Berdintasun ministroa eta Noelia Vera, Isa Serra, Idoia Villanueva eta Alejandra Jacinto ditu lagun bertan.
Hurrengoak zerrendan Pablo Echenique indar morearen Kongresuko bozeramailea, Nacho Alvarez Gizarte Eskubideen Estatu idazkaria, Sofia Castañon, Rafael Mayoral, Angela Rodriguez eta Juan Manuel del Olmo dira.
Guztira, Podemoseko 11 lurralde koordinatzaile bildu ditu Belarraren hautagaitzak: Maru Diaz (Aragoi); Conchi Abellan (Katalunia); Anton Gomez-Reino (Galizia); Pablo Fernandez (Gaztela eta Leon); Martina Velarde (Andaluzia); Jesus Santos (Madril); Pilar Garrido (Euskadi); Pilar Lima (Valentzia); Javier Sanchez (Murtzia); Irene de Miguel (Extremadura) eta Laura Fuentes (Kanariak).
Horrela, buruzagitza "erabat feminizatzeko apustua" egingo du Pablo Iglesiasen ondorengo lehen zuzendaritzak, baita lurralde egiturak sendotzekoa ere. Azken urteetan, koalizio morea pixkanaka-pixkanaka babesa eta ordezkaritza galtzen joan da lurraldeetan.
Beste bi hautagai: Esteban Tettamanti eta Fernando Barredo
Nahiz eta aukera handirik ez izan, Podemos zuzentzeko beste bi hautagai aurkeztu dira.
Horietako bat, Esteban Tettamanti San Lorenzo de El Escorialeko (Madril) Udaleko zinegotzia da. 'Por un Podemos Horizontal' hautagaitza osatu du, alderdi barneko egitura birformulatzeko eta parte-hartze esparru onenak sortzeko.
Era berean, Fernando Barredo militante kritikoak 'Nuevo Impulso' zerrenda aurkeztu du. Hirugarren batzarrean, alderdia zuzentzeko lehian izan zen, baina alderdikideek Iglesias aukeratu zuten. Gainera, Barredok ez zuen ordezkaritzarik lortu Herritarren Kontseiluan.
Iragan igandetik eta larunbatera arte, Podemoseko ia 139.000 militanteek telematikoki botoa emateko aukera dute, eta barne-hauteskundeetako emaitzen berri igandeko IV. Herri Batzarrean emango dute, Alcorcon (Madril) udalerriko Parque de Lucia Auditorioan.
Duela zazpi urte sortu zutenetik, hori ere aldatu dute Podemosen; izan ere, lehenengo bi batzarrak Vistalegre (Madril) zezen-plazan egin zituzten, eta 15.000 pertsonak bete zuten plaza.
Asteburu honetan, alderdiak garai berri bat abiatu nahi du, Iglesiasen lidergo sendoa alde batera utzita. Belarrak berak esan duenez, "Podemos kolektiboagoa, horizontalagoa eta azpitik eraiki nahi dugu", "gizarte mugimenduei irekia", Yolanda Diaz Lan ministroa Gobernuko Presidentetzara eramateko.
Hala ere, hauteskunde orokorretako presidentegaiak ez du alderdiaren agintea izango. Horrela, EAJren estiloko bi buruko zuzendaritza izango du koalizio moreak, alderdiko eta erakundeetako karguak bereizteko; izan ere, uztartzea ez da beti erraza izan indar politikoetan. Podemosek, gainera, galdutako lurralde egitura berreskuratzeko lan zaila izango du aurretik.