Politika -
Elkarrizketa Radio Euskadin
Chaconek 'lotura gutxiago ditu etorkizunerako', Zabaletaren ustez
Eusko Jaurlaritzaren Lan eta Gizarte Gaietarako sailburuak espero du "militanteen gutxiengoak" aukeratzen duen azken idazkari nagusia izatea Sevillako Kongresutik aterako dena.
Erredakzioa
Gemma Zabaleta Eusko Jaurlaritzaren Lan eta Gizarte Gaietarako sailburuak uste du Carme Chaconek Alfredo Perez Rubalcabak baino "lotura gutxiago" dituela PSOEren "etorkizuna irekitzeko". Gainera, "militanteen gutxiengoak" aukeratzen duen azken idazkari nagusia izatea espero du sailburuak.
Radio Euskadin egin dioten elkarrizketa batean, Zabaletak gogorarazi du atzo Alfredo Perez Rubalcaba izan zela sozialisten ekitaldi batean Bilbon, baina bera ez zela egon.
Rubalcabaren ordez Carme Chacon izan balitz joango ote zen galdetuta, "interes handiagoa" piztuko liokeela erantzun du. "Lehendabizi, Rubalcaba-Chacon eztabaidaren harira argi esan nahi dut niri euskal sozialismoa interesatzen zaidala", adierazi du.
Horren harira, "jarrera zentralistak, bai diskurtsoan bai alderdian" ez dituela gustuko azpimarratu du.
Hori horrela, PSOE, "Espainiako Estatuaren moduan, askotarikoa eta anitza" dela gaineratu du.
Hauteskunde-primarioak militanteei zabaltzeko aukeraz galdetuta, Zabaletak uste du lehenik "alderdiaren eredua" aldatu behar dela. "Sevillako Kongresuan 20 euskal militantek soilik erabaki ahal izango dute PSOEren idazkari nagusia nor izango den", gaineratu du.
Idazkari nagusigai gehiago egotea gustatuko litzaiokeela aitortu ondoren, Zabaletak esan du "alderdiaren etorkizuna irekitzeko" Carme Chaconek Alfredo Perez Rubalcabak baino "lotura gutxiago" dituela. Hala ere, "Kongresuan parte hartuko ez duen militante baten iritzia besterik ez da hori".