Politika -

Epaiketa Parisen

Fiskaltzak bost urteko kartzela-zigorra eskatu du Josu Urrutikoetxearentzat

Ez du sinesten ETAko buruzagi ohiaren bertsioa, 2006ean erakunde armatua utzi zuela. Defentsak absoluzioa eskatu du, eta epaiketa ebazpenaren zain geratu da.

Josu Urrutikoetxea, epaitegian. Argazkia: EiTB
Josu Urrutikoetxea, epaitegian. Argazkia: EiTB
Josu Urrutikoetxea, epaitegian. Argazkia: EiTB

agentziak | eitb media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Frantziako Fiskaltzak bost urteko kartzela-zigorra eskatu du Josu Urrutikoetxearentzat, akusatuak esaten duenaren aurka, uste duelako ez zuela ETA utzi erakunde armatua 2018an desegin zen arte. Defentsak, berriz, absoluzioa eskatu du, eta epaiketa epaiaren zain geratu da.

Fiskalak Parisko Auzitegi Korrekzionalari eskatu dio Urrutikoetxea zigortzen badute ez dadila segituan espetxean sartu, eta gaineratu du, kasu horretan, behin betiko Frantziako Estatutik kanporatu beharko luketela.

Fiskaltzaren arabera Urrutikoetxeak ez zuen "inola ere hautsi" ETArekin, berak kontrakoa esaten duen arren. Izan ere, ETAko kide ohiak deklaratu du 2006an utzi zuela erakunde armatua, desadostasunengatik, borroka armatua utzi egin behar zela uste baitzuen.

ETA desegin zenean agiria irakurri zutenetako bat Urrutikoetxea izan zela azpimarratu du Fiskaltzak, eta hori "erakunde terroristako kide zelako" egin zuela.

Urrutikoetxea errebeldian epaitu zuten 2017an auzi honen harira, baina akusatuak epaiketa errepikatzeko eskubidea baliatu du 8 urteko kartzela-zigorra (fiskalak gehiegizkotzat jotzen duena) saihestu ahal izateko eta auzi saioak bera aurrean dela egiteko.

Absoluzioa

Iaztik besoko elektronikoarekin kontrolpean dagoen akusatuaren defentsak argudio nagusi bat du absoluzioa eskatzeko: 2006ko irailean utzi zuela ETA.

Era berean, azpimarratzen du Urrutikoetxeak duen ibilbideagatik eta borroka armatua uzteko zuen borondateagatik parte hartu zuela negoziatzaile taldean, Norvegian.

Laurent Pasquet-Marinacce abokatuak nabarmendu du ikerketetan ez dutela frogarik aurkitu Urrutikoetxea 2005etik aurrera ETArekin lotzeko, eta horrek agerian uzten omen du ez zuela harremanik erakunde armatuko kideekin.

Epaiketa ebazpenaren zain geratu da, eta irailaren 1ean kaleratuko da, Frantzian izango duen bigarren epaiketa baino 12 egun lehenago. Hori ere epaiketa baten errepikapena izango da, 2010ean errebeldian egin ziotena, hain zuzen ere.

Bestalde, Frantziako Justiziak Urrutikoetxea Espainiaratzea berretsi du.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Politika Delituak Frantzia ETA Epaiketak Eguneko albisteak Albisteak