Politika -

HAUTESKUNDEAK IPARRALDEAN

Urteaga: "Abertzaleek lortuko dituzten emaitzak arretaz jarraituko dituzte Parisen"

Akitania Berriko eta Pirinio Atlantikoetako Departamenduko kontseiluak berrituko dituzte bi itzulitan. Eguzki Urteaga soziologoaren hitzetan, abstentzioa izango da gakoetako bat.

Eguzki Urteaga EHUko Soziologia irakaslea, artxiboko irudi batean. Argazkia: EITB Media.
Eguzki Urteaga EHUko Soziologia irakaslea, artxiboko irudi batean.
Eguzki Urteaga EHUko Soziologia irakaslea, artxiboko irudi batean. Argazkia: EITB Media.

IDOIA ALBERDI ETXANIZ | EITB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Hauteskunde hitzordu bikoitza dute Ipar Euskal Herriko herritarrek gaur. Pirinio Atlantikoetako Departamenduko Kontseilua aukeratuko da, batetik, eta Akitania Berriko Eskualde Kontseilua, bestetik. Eskumen asko dituzte bi erakundeok, eta asko dago jokoan.

Parte-hartzea izango da gakoetako bat, Eguzki Urteaga EHUko Soziologiako irakasleak azpimarratu duen bezala, eta 2020ko udal hauteskundeetan pandemiak eragindako abstentzio maila altua ekarri du gogora.

Agertokia asko aldatzea aurreikusten ez bada ere, begirada euskal abertzaleek lortuko dituzten emaitzetan jartzea komeni dela uste Urteagak, aurrera begirako erronketan "berebiziko garrantzia" izango dutelako, besteak beste, "mugaz gaindiko lankidetza harremanetan". Paris ere so egongo dela zalantzarik ez du, abertzaleen emaitzak hobetuz gero, "mezua argia" litzatekeelako.

Tokiko hauteskundeak izan arren, garrantzi handiko hauteskundeak dira, eskumen asko baitituzte beren eskuetan, bai Pirinio Atlantikoetako Departamenduko Kontseiluak eta baita Akitania Berriko Eskualdeko Kontseiluak ere. Zer dago jokoan bi hauteskundeotan? 

Eskualde eta departamendu hauteskunde hauetan jokoan dagoena garrantzitsua da lurralde erakunde horiek geroz eta eskumen gehiago dituztelako, bereziki 2015ean burutu zen lurralde erreformaren ondoren. Batetik, eskualdeak fusionatu dira 22tik 13ra igaroz, Akitania Berria bezalako makroeskualdeak sortuz, eta, bestetik, batik bat eskualdeen eskumenak handitu dira, Europa mailako gainerako eskualdeekin lehiatu ahal izateko. Funtsean, eskualdeak lurraldearen garapen ekonomiko, sozial, sanitario, zientifiko eta kulturala sustatu gura du. Zehazkiago, eskumen esklusiboak dauzka garraio publikoan, bigarren eta goi mailetako irakaskuntzan, lanbide heziketan, aprendizgoan eta alternantzian, garapen ekonomikoan eta berrikuntzan, lurralde antolaketan eta ingurugiroan, programa europarren kudeaketan eta laborantzan.

Departamenduak, aldiz, eskumen propioak ditu, bereziki, ekintza sozial eta sanitarioan, baita ere kolegioetan zein bideetan, kulturan eta kirolean, landaguneen ekipamenduan nahiz garraio publikoan, eta ingurugiroaren eta natura ondarearen babesean.

Akitania Berria eskualdeko hauteskundeei erreparatuta, zeintzuk dira gako nagusiak?

Gakoetariko bat, zalantzarik gabe, parte-hartze maila izango da, kontuan izanda 2015eko eskualde hauteskundeetan % 57,78koa izan zela Akitania Berrian eta 2014ko departamendu hauteskundeetan % 53,34koa izan zela Pirinio Atlantikoetan. Ikusteko dago pandemiak zer-nolako eragina izango duen abstentzioan, jakinda nabarmen hazi zela 2020ko udal hauteskundeetan. Horrez gain, ikusteko dago eskuin-muturra ordezkatzen duen Rassemblement National alderdiak zenbateko hazkundea ezagutuko duen, batik bat eskualde hauteskundeetan. Izan ere, azken inkestek iragartzen dute hazi beharko litzatekeela.

Azkenik, euskal abertzaleek departamendu hauteskundeetan lortuko dituzten emaitzek berebiziko garrantzia izango dute, jakinik 2014an bigarren itzulirako sailkatu zirela 12 kantonamenduetatik 5etan eta beraien emaitzak hobetu zituztela bigarren itzulian, hautesle berriak erakartzeko eta beraien oinarri elektorala zabaltzeko gaitasuna erakutsiz.

Hego Euskal Herriarekiko lankidetza harremanetan, Euroeskualdean bereziki, zenbaterainoko eragina izan dezakete hauteskundeok?

Hauteskunde horien emaitzek eragin zuzena izango dute mugaz gaindiko lankidetzan eta berau egituratzen duten erakundeetan, hala nola Euroeskualdean. Hain zuzen ere, bai Akitania Berriko Kontseiluak bai Pirinio Atlantikoetako Kontseiluak Hego Euskal Herriko erakundeekin lankidetzan dihardute, bakoitzari dagokion eskumenak aintzat hartuta. Garraio publikoan, goi-mailako irakaskuntzan, osasungintzan ala kulturan bultzatutako ekimenak dira nagusiak. Zentzu horretan, nahiz eta jarraikortasun instituzionala bermatuta dagoen, erakunde horiek osatzen dituzten gobernuak aldatuko balira, atzerapen batzuk eragingo lituzkete alor batzuetan.

Zortzi zerrenda lehiatuko dira Akitania Berria eskualdeko hauteskundeetan, eta Alain Rousset egungo presidente sozialista (bosgarren aldiz aurkeztuko da) da faborito, baina oso gertu du eskuin muturra. Zein da aurreikusten den agertokia?

Alain Roussetek ezkerra batuko zukeen zerrenda bakarra aurkeztu nahi bazuen ere, ez du batasun hori lortu, lehen itzulian behintzat. Berdeek eta La France Insoumisek zerrenda propioak aurkeztea erabaki dute beraien indarra erakutsi nahian. Alderdi Sozialista eta bere aliatu zuzenak (Erradikal Sozialistak eta Alderdi Komunistak) ez daude beraien unerik gozoenean estatu mailan, baina Roussetek ezarpen sendoa dauka eta azken lau legealdietan egindako lanak zilegitasun bat eman dio kudeaketaren arloan. Bere parean, zentro-eskuina, eskuina eta eskuin-muturra zerrenda propioekin aurkeztuko dira. Argi dagoena da Rousset eta Rassemblement Nationala ordezkatzen duten hautagaiak sailkatuko balira bigarren itzulirako, hautagai sozialistak erraz irabaziko lukeela fronte errepublikarrari esker. Aldiz, hiruko bat gertatuko balitz, jokoa irekiagoa litzateke.

Eta, ildo beretik, Pirinio Atlantikoetako Departamenduko hauteskundeetan, non jarri beharko genuke begirada?

Pirinio Atlantikoetako departamenduko hauteskundeetan, sorpresa gutxi espero dira garaile irtengo den zerrendari dagokionez, are eta gehiago kontuan izanda zentro-eskuinak eta eskuinak zerrenda bateratuak aurkeztea erabaki dutela lehen itzulitik, eta ezkerra oso ahulduta dagoela eta ez dituela hautagaiak aurkeztu kantonamendu guztietan. Aldiz, euskal abertzaleek lortuko dituzten emaitzak arreta handiarekin jarraituko dituzte bai Iparraldean bai Parisen ere. Izan ere, 2014an lortu zituzten emaitzak mantendu ala hobetuko balituzkete, bai bozka mailetan, bai ehunekotan eta agian hautetsi kopuruetan, mezu argia litzateke. Hori gertatuz gero, abertzaleek, modu iraunkorrean, beraien burua aurkeztuko lukete Frantziako zentro-eskuinaren alternatiba nagusi gisa eta ezkerreko lehen alderdi bezala.

Alor sozialak pisu handia du Pirinio Atlantikoetako Departamenduko Kontseilu Nagusiaren kudeaketan. Aurrekontu osoaren ia bi heren, gizarte gaietara bideratuta. Zeintzuk dira lehentasunak?

Alor soziala da, zalantzarik gabe, departamenduen eremurik garrantzitsuena, izan dadila haurtzaroaren arretan, elbarrituen zaintzan, adineko pertsonekiko esku-hartzean eta behartsutasun zein bazterketa sozial egoeran dauden pertsonen laguntzan. Kontua da, arau nagusiak estatu-mailan finkatzen direla eta departamenduek kudeatzen dituztela erabakitzeko ahalmen gutxi izanik. Horrek finantza-arazoak sortzen ditu, batez ere eskaera soziala handitzen delarik krisiaren ondorioz eta, une berean, Estatutik datozen ekarpenak murrizten direnean. Aldiz, etxebizitza mailan Departamenduak dauzkan eskumenak mugatuak dira, 2004an, Etxebizitzaren Elkartasun Funtsen eskumena jaso bazuen ere. Halaber, modu subsidiarioan, Etxebizitzaren Tokiko Programen osaketaren eskumenaren delegazioa jaso dezake. Baina, bestela, Estatuak bere eskumen gehienak gorde ditu marko juridikoari, laguntza sistemen definizioari, kredituen programazioari, aniztasuna sozialaren promozioari ala etxebizitza eskubideari dagokienez.

Mugaz gaindiko elkarlanak, zenbaterainoko pisua du Ipar Euskal Herriko kantonamenduetan?

Lurralde bakoitzaren antolaketa politiko-administratiboa eta erakunde bakoitzaren eskumenak aintzat hartuta, Pirinio Atlantikoetako Departamenduak harreman pribilegiatuak ditu bai Gipuzkoako Foru Aldundiarekin bai Nafarroako Gobernuarekin. Batez ere, alor sozio-sanitarioan, kulturaren eremuan eta ingurugiroaren esparruan lankidetzan dihardute. Zentzu horretan, Departamenduak eutsi nahi dio mugaz gaindiko eskumenari eta ez dirudi ez Akitania Berriko Eskualdeari ez Euskal Elkargoari transferitzeko edo delegatzeko prest dagoenik. Aitzitik, nahikeria hori egon arren, eskumen, aurrekontu zein ohitura administratiboetan dauden ezberdintasunek ez dute beti elkarlana errazten.

Frantziako presidenterako eta legegintzarako hauteskundeetarako urtebete baino gutxiago falta da. Emmanuel Macronen kudeaketa neurtzeko hauteskundeak ere izango al dira honakoak?

Argi dagoena da, lurralde hauteskunde hauek azkenak izango diren neurrian hauteskunde presidentzialen aurretik eta urte bat geratzen denez Frantziako politikagintza egituratzen duten hauteskunde horiek gertatu aitzinetik, eskualde eta departamendu hauteskunde hauen emaitzek eragina izango dutela. Are gehiago kontuan izanda hainbat eskualdetan eskuinaren hautagaiak izan daitezkeen zerrendaburuak aurkeztuko direla, hala nola, Xavier Bertrand Frantzia Garaian, Valérie Pécresse Île-de-Francen eta Laurent Wauquiez Auvernia-Rodano-Alpeak eskualdean. Horren jakitun, Emmanuel Macronek hainbat ministrori eskatu die zerrenda horietan sar daitezen eta kanpaina egin dezaten. Emmanuel Macron bera presidenterako hauteskundeetarako kanpainan murgilduta dago, nahiz eta ez duen oraindik bere hautagaitza ofizialki aurkeztu.

Euskal Telebistak jarraipen berezia egingo die Ipar Euskal Herrian egingo diren hauteskundeei. Ikusi hemen.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Politika Iparraldea bideoak Baionako bideoak Maule argazkiak Donibane Garazi Ipar Euskal Herriko Hauteskundeak Eguneko albisteak Albisteak Iparraldearen Orena Zuberoa albisteak Lapurdi Nafarroa Behereko berriak Macronen Gobernua