Politika -
Auzitegi Nazionala
Sei urteko espetxe-zigorra, Segiko sei kiderentzat
Beste 11 gazte absolbitu egin dituzte. Horietako bat 'Encarta' entziklopedia oinarri hartuta bolboraren inguruan egindako lan batengatik zegoen akusatuta.
Erredakzioa
Auzitegi Nazionaleko zigor-arloko lehen sekzioko salak sei urteko kartzela-zigorra jarri die Segiko sei kideri, erakunde terroristako kide izatea leporatuta. Beste 11 gazte absolbitu egin dituzte.
Kondenatutako sei kideak Maitane Linazasoro, Xabier Lujanbio, Iosu Arruabarrena, Aitor Alberdi, Aitor Franco eta Arkaitz Antza dira, eta sei urteko kartzela-zigorra ezarri diete. Astelehen honetan kaleratutako epaiaren arabera, taldean hainbat erantzukizun zituzten sei kideek, tartean kide berriak erakartzea, ''propaganda'', dirua lortzeko txartelen salmenta, diruzaintza, eta kartelak eta pankartak jartzea. Sei horietako hiruri, gainera, ertzain baten etxean mehatxuzko pintada bat egitea ere leporatu diete epaileek.
Beste 11 gazte absolbitu dituzte
Auzitegi Nazionalak beste 11 gazte absolbitu ditu; Segiko kide izatea leporatzen zieten horiei ere. Imanol Sagarzazu, Haizea Iriarte, Beñat Burlada, Alexander Etxeberria, Egoitz Urbe, Hodeiertz Urain, Alain Luna, Iker Zabala, Oinatz Arbelaitz, Oihana Mujika eta Gaizka Ibeas dira absolbituak, eta, epaiaren arabera, 2008an Segiko kide edo jarraitzaile ziren arren, ez dago frogatuta bertan inongo jarduerarik egin zutenik.
Absolbitutako gazteetako bat bolboraren inguruan egindako lan batengatik zegoen akusatuta. 'Bolbora eta dinamita' izeneko txostena aurkitu zuten bere etxean, baina, epaiak jasotzen duenez, ikastolan irakasleak bidalitako lana zen berau. Bolboraren asmatzailearen, aurkikuntzaren urtearen eta orokorrean bere eraginaren inguruko lana bildu behar zuen txostenak. ''Dokumentuaren itzulpenak agerian utzi du horren edukia edozein entziklopediatan ageri dela, eta zehazki 'Encarta' entziklopedia erabili zela honakoa osatzeko''.